Igandetik aurrera planetarioa egongo da Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 7a, 12:26

Asteklima, Euskadiko Klima Aldaketaren lehenengo astearen barruan izango da Gurea antzokiko erakusketa gelan, martxoaren 12ra arte.

Eneko Urdangarin zinegotziak zuzentzen duen Ingurumen arloak, Klima Aldaketaren Astearen ospakizuna dela eta, ekimen interesgarri bat antolatu du.

Cosmium proiektua diziplina anitzeko esperientzia berritzailea da, izarrez betetako gaueko zerua aztertuz ingurumena eta zientzia batzen baititu. Orokorrean publiko guztiarentzako eta bereziki ikasleentzako zuzenduta dagoen proiektuak herritarrak astronomiaren arlo liluragarrira gerturatzeaz gain, mende honetako energia eta jasangarritasunaren desafio nagusienetarikoa den argiaren kontaminazioaren arrisku nagusien inguruan sentsibilizatzea du helburu.

Ekimena, higikorra den 360 graduko planetario baten barruan kokatzen da. 6 metroko diametroa, 3 metroko altuera eta zeruko izar eta irudiak kalitate digitalean proiektatzea ahalbidetzen duen Full Dome proiekzio sistema ditu. Araban arrakasta bikaina izan duen esperientzia interaktibo honetan, gaueko zerua denbora errealean ikusteaz gain, gizateriaren historiako momentu desberdinen irudiak ikusi ahalko dira.

Planetarioa Gurea Antzokiko erakusketa salan instalatuko da. Martxoaren 10ean, igandea, 11:00etatik 19:00etara egongo da irekita eta martxoaren 11n, astelehena, 16:15etik 19:00etara. Bertan parte hartzeko, izena eman behar da aurretik Zuretzat Herritarren Arreta Zerbitzuan edo 943 69 21 00 telefonora deituz. Astelehen eta astearte goizean herriko hezkuntza zentro desberdinentzako irekiko da eta astearte arratsaldean, 16:15etik 18:15era herritarrek bisitatu ahal izango dute, berriz ere. Proiekzioak 30 minutuko iraupena eta doako sarrera du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker burutu ahal izango den ekimen bat dela azpimarratzen duen Eneko Urdangarinentzat, “udalerrian aitzindaria den ekimen honek, ingurumenaren babesaren aldeko udal ekintza lerro berri bati emango dio hasiera”. Arlo honetako ordezkariak azpimarratu du Amasa-Villabonako Udala argi kutsaduraren mapa bat osatzeko aukera ikertzen ari dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!