Euskararen Mahaia eratzeko konpromisoa hartu du Amasa-Villabonako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 26a, 18:34

Astelehenean egindako ohiko osoko bilkuran, besteak beste, martxoaren 8ko greba feminista babestu zuen udalbatzak aho batez, baita Tolosaldea Sahararekin elkarteak aurkeztutako mozioa ere. 

Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko konpromisoa hartu du Amasa-Villabonako Udalak. Mahaiaren helburua da, eskualdeko eragile sozial eta instituzionalen ahalik eta babes osoena lortzea. Aho batez onartu zuten EAJ, EH Bildu eta PSE-EEk Galtzaundi euskara taldeak aurkeztutako mozioa, talde hori izango baita mahaia koordinatuko duena. EH Bilduko Xabat Laborde zinegotziak "potentzialitate" handia ikusten dio mahaiari: "Euskal Herrian euskaldunenetakoa den eskualdean beste urrats bat ahalbidetuko duen tresna izango da".

Nahiz eta Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko konpromisoa hartu, galde erreguen txandan, kexu agertu zen PSE-EEko zinegotzi Maria Luisa Arija, martxoaren 8a iragartzeko propaganda euskara hutsean argitaratu duelako udalak. "Jende asko dago herrian eliminatuta sentitzen dena hori irakurrita", esan zuen sozialistak osoko bilkuran, eta mesedez eskatu zuen kartelak elebitan jartzeko, "besterik ez bada, gaztelaniaz letra txikiagoarekin". 

Greba feministarekin bat

Amasa-Villabonako Udalean ordezkaritza duten alderdien ustez, "beharrezkoa da emakumeen lan prekarietatea eta pobrezia salatzea, indarkeria matxista guztien aurka egitea eta bazterkeria eta arrazakeriari uko egitea". Horrela nabarmendu dute aho batez onartutako adierazpen instituzionalean, eta honenbestez, mugimendu feministak deitutako grebarekin bat egin du udalak. Gainera, udaleko emakumezko hautetsi eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak emango ditu. Aurten, Bizitzak Erdigunean lelopean, "zaintza eta etxeko lanen ardura sozializatu eta gizonek eta erakunde publikoek ardura zuzenak hartu behar dituztela" aldarrikatuko da. Horregatik, greba deialdiarekin bat egitearekin batera, udalak zaintza lanak bere politika publikoen erdigunean jarriko ditu eta berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak burutuko ditu. Hori da, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko udal taldeek adierazpen instituzionalean hartu duten konpromisoa. 

Bide batez, SEAD Saharar errepublika arabiar demokratikoa aldarrikatu zeneko 43. urteurrenean Tolosaldea Sahararekin elkarteak aurkeztutako mozioa ere, aho batez babestu zuen udalbatzak. Bihar, Mendebaldeko Saharako bandera zintzilikatuko dute udaletxean, baina ekintza sinboliko horretaz harago, Amasa-Villabonako Udalak SEADen autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aitortu eta Mendebaldeko Saharako kolonizazio prozesua amaitzea eskatu du. Horretarako, Espainiako estatuko diputatuen kongresuak ebatzitakoa betetzea eskatu dute zinegotziek, eta Maroko bezala, gerran dauden estatuei armak saltzea debekatzen duen ebazpena betetzea. Lurralde okupatuetan etengabe ematen diren giza eskubideen urraketak gaitzetsi ditu udalak mozio honekin eta MINURSO Mendebaldeko Sahararako Erreferendumaren Nazio Batuen Erakundearen Misioak giza eskubideen eskuduntzak izan ditzan eskatu du.

Bukatzeko, Nestor Lertxundi Beñaranek Iruña-Veleia auzia argitzeari buruz aurkeztutako mozioa atzera bota zuten EAJ eta PSE-EEk. Bi eskaera luzatzen zituen Lertxundik aurkeztutako testuan, biak ere Iruña-Veleia Argitu ekimenak egiten dituenak: piezen lagin bat arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea; eta parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egitea. EAJko Eneko Urdangarin zinegotziak zalantzan jarri zuen mozio honen intentzionalitatea, orain arte ez baita aurkeztu EH Bilduk gobernatzen dituen udalerrietan, "ez Amurrion, ez Laudio, ez Hernani edo Andoainen". EH Bilduk mozioari baiezkoa eman zion, "urte askotan luzatzen ari den auziari konponbidea eman behar zaiolako eta sortu den katramila behingoz argitzea beharrezkoa delako". PSE-EEko zinegotziak, ordea, ezezkoa botoa eman, eta honenbestez, atzera bota zen mozioa. 

Asuncion Klinikaz kezka

Ez da berria Tolosaldean osasun arretaren inguruan dagoen kezka eta horren berri eman zuen Asuncion klinikako langile batzordeko ordezkari batek, asteleheneko osoko bilkuran. Ordezkari honek gogoeta egitea eskatu zien zinegotziei eta aipatu zuen kalitatezko osasun arreta emateko ahalegin berezia egiten ari direla langileak. "Presiopean" aritzen direla nabarmendu zuen: "Horrela ez dago ondo lan egiterik, langileok arreta egokia emateko gure aldetik plus bat jartzen dugu, baina ikusita kudeatzaileei zeinen gutxi ardura dien, iritsiko da momentua non guk ere ez dugun gure aldetik ahalegin nabarmenik egingo. Ez gaituzte baloratzen". 

Espezialista falta agerikoa dagoela eta langileen "ebentualitatea" aipatu zituen langile ordezkariak: "%98an diru publikoarekin finantzatzen den ospitale publikoa izanik ez da ulergarria". Zalantzan jarri zuen, gainera, Asuncion Klinikak berriki aurkeztu duen fundazioa, "kiebra egoera ezkutatzeko eta beste modu batera dirua lortzeko estrategia dago horren atzean". 

Auzitara joko dute

Urtarrileko osoko bilkuran ika-mika izan zuten Urdangarinek eta Labordek. Argiteria publikoaren mantenua eta energia zerbitzuak esleitzeko kontratazio espedienteari hasiera ematea onartu zuen udalak eta eztabaidan, EAJko zinegotziak esan zuen prozesua martxan zegoen bitartean, EH Bilduko zinegotziak Carlos Cifuentesekin bildu zela eta hori legea urratzea zela. Labordek astelehenean aipatu zuen idazkariari eskatutako txosten batean garbi adierazten dela "funtsik gabeko akusazioa" izan zela jeltzaleak egindakoa. "Norbaitek zuzenketarik egiteko borondaterik ba al du?", galdetu zuen EH Bilduko kideak. 

Zuzenketarik ez zuela egingo nabarmendu zuen Urdangarinek. Are gehiago, Cifuentesen mehatxuak jaso izana baieztatu zuen astelehenean, "epaileetara eramango nauela esanez". Gaia abokatuaren esku utzi duela baieztatu zuen EAJko zinegotziak: "Enbidoa hartu eta ni deklaratzera joango naiz, baina baita udalbatza honetako beste zinegotziren bat ere, Cifuentesek zinegotzi horren eskutik informazio pribilegiatua jaso baitu". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!