1960 eta 2019 urteen arteko giza eskubideen urraketak jasoko ditu Aranzadik

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 18a, 10:55

Amasa-Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetzaren enkarguz egingo du lana zientzia elkarteak, eta dagoeneko zehaztu ditu helburu zehatzak, metodologia proposamena eta lan egutegia.

Azken hamarkadetan, giza eskubideen urraketak jaso dituzten Amasa-Villabonako biktima guztiak identifikatu eta bake zein elkarbizitza sendotzea da ikerketa lan honen helburua.

Hiru helburu nagusi proposatu dituzte: lehenik eta behin, botere publikoek bultzatu behar duten memoria kolektiboan txertatzea gertatukoaren inguruko egia, zeina ezagutzeko eskubidea duten biktimek; bigarrenik, gertatutako giza eskubideen urraketa horien inguruan justizia egitea, horretarako botere publikoek bultzatu daitezkeen ekintzak sustatuz; eta azkenik, ordain material eta ez materialerako biktimek duten eskubidea errespetatzea.

Metodologiari dagokionez, gizarte eragile eta eragile politikoekin topaketak egitea aurreikusi da, biktima edo familiartekoekin kontaktuak egin eta iturri historikoen analisi ezberdinak gauzatuz. Giza eskubideen aurka egin diren ekintzen datu basea zehaztuko du lanak. Analisi horretan, testigantza pertsonalen inguruko generoaren ikuspegia ere jasoko da, emakume eta gizonen arteko oreka mantenduz.

Ikerketa lana  2019an zehar egingo da eta egutegian zehazten den bezala, 2020an argitara emango dira lanaren ondorioak eta gaiaren inguruko liburu bat idatziko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!