Itxura berritua izango du Legarreta zubiak

Ataria 2019ko otsailaren 22a

Laster hasiko dira Sacem izenez ezaguna den zubiaren birmoldaketa lanak

Martxoaren amaieran, apirilaren hasieran hasiko dira bide komunikazio moderno eta argiztatuari paso emango dion eta oinezkoentzat eta trafikoarentzat leku desberdina edukiko dituen zubiaren birmoldaketa lanak.

Gaur egungo zubia 1930eko hamarkadako lehenengo urteetan eraiki zen. Sei pilareetan sostengatzen da, zazpi baoz osatuta dago eta 100 metroko luzera dauka. 5,6 metroko zabalera batean ibilgailuek eta oinezkoek galtzada partekatzen dute, eta horrek egoera arriskutsuak sortzen ditu, batez ere ibilgailu astunak igarotzen direnean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo duen obrarekin, Villabonako zubiaren taularen alde bakoitzean Corten altzairuzko egitura bana erantsiko zaio, gaur egungo 5,6 metrotako zabalera hori alde bakoitzean 80 zentimetro handituz eta 7,2 metroraino zabalduz. Hau horrela, ibilgailuentzat 3,5 metroko zabalerako galtzada lortuko da eta 2 metroko zabalerako eta baranda batez banatutako oinezkoentzako espaloia. Barandan bertan kokatuko da zubiaren iluminazioa eta led motako argiak egongo dira zortzi puntutan.

Atzerapen txiki bat egon da, horrelako lanetan gertatzen den moduan, konkurtso publikoko eskaintza aurkezpenak hutsik gelditu baitziren. Errepideen saiarekin harreman estua mantentzen ari da udala eta lanak martxoaren amaieran, apirilaren hasieran hasiko dira. Instituzio arteko kolaborazioa oso eraginkorra izaten ari da eta udara hasierarako, Sacem moduan ezaguna den, Lejarretako zubi zaharrak itxura berria izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!