Ramon Balerdiren gurutze bidea, artelanetan

Ataria 2019ko otsailaren 14a

Otsailaren 23ra bitarte, Villabonako Gurea erakusketa gelan ikusgai izango da 'Via Crucis' bilduma

Pintura, eskultura eta idazlanak biltzen dituen obra aurkeztu zuen, otsailaren 8an, Ramon Balerdik (Donostia, 1964), Villabonan bizi den artistak. Aurkezpen ekitaldian Maite Izagirre alkateak nabarmendu zuenez, «bere lanetan justua eta gizatiarra ez den sistemari kritika sakona egiten dio». Bere lan artistikoan inspirazio iturri diren «iraultza, lana eta espiritua» kontzeptuak aipatu zituen alkateak.

Via Crucis izeneko bilduman gurutzea da lan askotan ageri dena, egilearen hitzetan: «Erruduntasunaren eta heriotzaren sinbolo gisa azaltzen zaigun arren, Kataroentzat, adibidez, gurutziltzatzea arimaren katarsia da, eta norberaren ezagutzarentzat bidea». 2001ean idatzitako poema bat irakurri zuen Balerdik, inaugurazio ekitaldian.

Osabari, iazko apirilean zendutako Juan Miguel Balerdi Mitxino billabonatarri eskaini nahi izan dio artistak mostra. Otsailaren 23ra bitarte izango da ikusgai, Gureako erakusketa gelan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!