Haur eskolan matrikulazioa areagotzeko neurrietan bat etorri dira PSE eta EH Bildu

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 29a, 19:59

Argiteria publikoaren mantenua eta energia zerbitzuak esleitzeko kontratazioan eztabaida izan zuten EAJ eta EH Bilduk asteleheneko osoko bilkuran

Udal gobernuko kideak bat datoz diru laguntza sistema ezartzearekin, baina aurrez jakin nahi dute udalaren eskuduntza ote den laguntza horiek ematea. Eusko Jaurlaritzan kontsulta egina dute, eta Maite Izagirre alkateak asteleheneko osoko bilkuran iragarri zuenez, erantzuna hemendik gutxira emango dutela agindu diete. PSE eta EH Bildu, aitzitik, txostenak aldekoak badira berehala izapideei ekitea eskatzen duen mozioan bat etorri dira. Arija zinegotzi sozialistaren esanetan, "legealdia bukatzear den honetan, gai hau lotuta utzi behar dugu, lehenbailehen". 

Eusko Jaurlaritzak esana duen bezala, hezkuntzaren kostuaren eragina familientzat hutsa izan dadin, 24.000 euro baino gutxiagoko eta 18.000 euro baino gehiagoko errenta duten familiak diruz lagunduko ditu Amasa-Villabonako Udalak. Txostenak aldekoak badira, kreditu aldaketa bat egin eta laguntzak partitzeko 9.000 euro gordeko dira. EH Bilduko zinegotzi Jon Garmendiaren hitzetan, eurak aspalditik aurrekontuetan zuzenketa gisa planteatutako eskaerari jende gehiago batu izana "pozgarria" da. "Alderdi sozialistarekin bildu eta egindako lanketaren emaitza da oraingo jarrera aldaketa". 

Udalak diru laguntza jaso dezaketen familien datuak eta Seaska Haurreskolako matrikulazio datuak lortu ondoren jakin du, familia bat artatu ahal izango dela aipatutako diru laguntzari esker. Hala ere, funts horrekin, beste hainbat familia laguntzeko aukera izango da, haur eskolako plaza kopuruaren %75a bete gabe baitago oraindik eta matrikula epea zabalik dutelako familiek.

Amasamendiko basoen kudeaketa hizpide

2017ko irailean onartutako Amasamendiko antolaketa plan integrala benetan aplikatzea eskatu zuen asteleheneko osoko bilkuran EH Bilduk eta horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren inplikazio eskatuz mozioa aurkeztu zuen. Bi erakundeen arteko lankidetza ondo artikulatzea, baliabide nahikoak bideratzea eta proiektu zehatzak jasoko dituen ekintza plan bat adostu eta martxan jartzeko eskakizunari EAJko zinegotziak batu zitzaizkion. PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen eta batzar nagusietan, sozialistek eta jeltzaleek adostutako akordioari egin zion erreferentzia: "Diputazioari eskaera egina diote bi taldeek eta ni akordio horretara mugatuko naiz".

Amasa-Villabonako Udalak onartutako testuak dio Amasamendiko baso eremu publikoen kudeaketa, interes publikoan eta baliabide naturalen defentsan oinarrituko dela beti. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio udalak sor dezala gune bat, Amasamendiko baso eremu publikoei eragiten dien ordenazio zein kudeaketa planaren jarraipena egiteko. Udalak uste du, bi erakundeen arteko lankidetza estua bideratuko duen espazio edo foro bat edukitzea, "ezinbestekoa" dela. Natura 2000 eremuaren kudeaketari ere egiten dio erreferentzia onartutako mozioak eta foru aldundiari eskatzen dio baliabideak bidera ditzala, Amasa-Villabonako lurretan, Leitzarango isurialdean dagoen eremua kudeatzeko. Amaitzeko udalak kezka agertzen du konifero basoak gaur egun bizi duten egoerarekin. Pinuen fumigazioari dagokionez, komunitate zientifikoaren ahotsa eta iritziak kontuan har ditzala eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari eta baso horiek berreskuratzeko euskal estrategiaren baitan hartzen diren erabakien inguruko informazio gardena eman dezala, arriskuen eta kalteen azterketak burutuz eta ingurumen ebaluazio sakona eginez.

Bestalde, egindako eskaerak atzera bota zizkion udalak, Jose Javier Urreta jaunari, zeinak bere taxi lizentzian aldaketak eskatuak zituen. EAJ eskaeraren aurka agertu zen, EH Bildu alde eta PSE-EE abstenitu egin zen. Berdinketa puskatzeko, bigarren txandan, alkatearen kalitatezko botoarekin atzera bota zuen udalak Urretak egindako eskaera.

Argiteria publikoa eztabaidagai

Udalak astelehenean argiteria publikoaren mantenua eta energia zerbitzuak esleitzeko kontratazio espedienteari hasiera eman zion. BEZa gabe, urtero, 122.000 euroko kontratua eskainiko du udalak lan horiek burutzeko, hamar urtetarako. EAJ eta PSE-EE bat etorri ziren espedienteari hasiera ematearekin eta EH Bildu abstenitu egin zen puntu horretan, aurrez esana duen bezala, helburuekin "erabat ados" egon arren, udal gobernuak gai honetan eraman duen prozedurarekin "zalantzak" dituelako.

Plegu tekniko eta administratiboak aztertu ondoren dituzten kezken berri eman zuen EH Bilduko zinegotzi Xabat Labordek. Gai honen inguruko iritziak hainbat aditurekin konpartitu ondoren, "iritzi kontrajarriak" daudela onartu zuen. Kontratazio espedientean aipatzen diren zifrak beste herrietakoekin alderatuta, "altu xamarrak" direla, bai mantenuan, bai inbertsioetan eta baita banaketan ere. "Hamar urtetan 300.000 gainkostua ekarriko lukeela ohartarazi dute batzuek". Proiektu honen garapena eta jarraipena nolakoa izango den "zehatz" ez dela adierazten uste du EH Bilduk. 

Eztabaida une horretan mikaztu zen, EAJko zinegotzi Eneko Urdangarinek, ustez EH Bilduri aholku ematen aritu den pertsona "arrikutsutzat" eta "pertsonaiatzat" hartu zuelako. "Kezkatzen nau prozesua martxan dagoen bitartean zuek pertsona interesdunekin biltzea, etikoki ez dago ongi eta ilegaltasunaren mugan dagoela esango nuke", aipatu zuen Urdangarinek. 

Labordek ukatu egin zuen zinegotzi jeltzaleak aipatutako pertsona EH Bilduren aholkulari izan denik kontu hauetan eta oso larritzat hartu zuen udal gobernuko kide batek berak egindako jarduera bat legez kanpokotzat izan daitekeela iradokitzea. "Liskarrerako gogoa duzula nabari zaizu, baina ez gara joko horretan eroriko", esan zion Labordek Urdangarini. "Akusazio larria egin didazu eta aktan jasota geratu dadila eskatu nahi dut, eta bide batez, idazkaritzari eskatzen diot ikertu dezala benetan legez kanpoko jarduerarik egin ote duen gure taldeak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!