«Kabaretak, umoretik, kritika soziala egiteko aukera ematen dizu»

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 25a, 20:02

Askotan galdetzen diote, Agurtzane Intxaurragari (Orozko, 1966), nola lortu duen horrelako taldea osatzea, Txarriboda lanerako. Antzerki zuzendariaren esanetan, «obra honetan energiek bat egin dute eta, beraz, aktoreek goren gorenera eraman dute ikuskizuna». Igandean, 19:30ean, Villabonako Gurean ikusi ahal izango da obra.

Kontentu al zaudete antzerki lanak izan duen harrerarekin?

Oso pozik gaude. Duela urtebete Errenterian estreinatu genuen obra. Harrezkeroztik Euskal Herri osoan aritu izan gara, batez ere, Gipuzkoan. Jendearen erantzuna oso ona izan da, eta ahoz ahokoak asko funtzionatu du. Beraz, ikuskizunak oraindik bide luzea egingo duela uste dut.

Non izan zuen sorburua antzerki lan honek?

Nik banuen ezkontza bati buruz zerbait kontatzeko asmoa. Berez, sekula modaz pasatzen ez den liturgia bat da. Noiz edo noiz denok egon gara ezkontzaren batean, eta agerikoa da oso teatrala dela. Egun horretan denok sentitzen gara, modu batera edo bestera, munduko ederrenak eta aberatsenak. Ebento horretarako bereziki prestatzen gara. Hori kontatu nahi nuen, eta kritika bat egin, umorea baliatuta.

Inprobisazioa dago lan horren oinarrian.

Hamabost egunez Hernanin egonaldia egin genuen, eta inprobisazio gidatuak landu genituen. Ezarritako bideak landu zituzten aktoreek. Saio horietatik, aldi berean, ikuskizuna sortzen, testua idazten eta musikak aukeratzen joan ginen. Lan intentsua izan zen. Horregatik, esan daiteke sormen lana kolektiboa izan zela. Ideia nik izan nuen, nik banekien nora iritsi nahi nuen, baina bide horretan askok lagundu zuten.

Kabareta da erabili duzuen lengoaia. Zergatik?

Berez kabaretak duen ezaugarrietako bat da, egoera bat gordinkeriaz kontatzeko aukera ematen dizula. Betiere umoretik, baina kritika soziala egiteko erabili izan da. Filtrorik gabe, emozioak zuzen zuzenean aurkezteko aukera ematen dizu. Formula modura ederra iruditu zitzaidan. Narrazio basati modura kontatu nahi nuen ezkontza.

Nola moldatu dituzue musikak antzerki lanerako?

Hemen kabaretak ia ez du tradiziorik. Elementu berri bat gehitu nahi izan genuen eta euskal kantutegiko melodiak aukeratu genituen. Egile guztiekin hitz egin nuen, eta baimena eman zidaten euren kantuak erabiltzeko. Anariren eta Antton Valverderen doinuak, eta euskal doinu herrikoiak ere badaude; baita Patxi Gonzalez aktoreak sortutako pieza bat ere. Kantu guztiei, gero, Onintza Enbeitak jarri zien hitza.

Zein aktore izango dira, igandean, taula gainean?

Nik kontuan hartu nuen, kantatzeko gai izango ziren aktoreak behar zutela egon ikuskizun honetan, eta inprobisatzeko joera hori bazutenak. Iñaki Marurirekin batera, Patxi Gonzalez bera, Iñigo Aranbarri, Juanjo Otero, Sandra Fernandez Agirre eta Kepa Errasti aritzen dira. Txusaren pertsonaia jokatzen du Errastik. Familia tradizionalari eta maitasun erromantikoari kritika zorrotza egiten zaio obra honetan eta, horrekin batera, bada gai potolo bat, genero identitatearena, Txusaren pertsonaian ardazten dena.

Herriko eragileek ere hartuko dute parte emanaldian.

Jendearen parte hartzea oso inportantea da. Tokian tokiko eragileek parte hartzen dute, ezkontzetan egoten diren liturgiatxo horiek betetzen. Agurra dantzatzen edo bazkalorduan bertsotan aritzen dira askotan gonbidatuak, eta Villabonan lan horretan jarriko ditugu, adibidez, Oinkari dantza taldekoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!