Dokumental emanaldia eta solasaldia ostiralean

Ataria 2019ko urtarrilaren 23a

Maite Ibañez 'Glencree, el camino recorrido juntos' dokumentalaren zuzendariak eta Jon Paredes 'Txiki'-ren anaiak, Mikel Paredesek hartuko dute parte solasaldian. Gurea aretoan, 19:00etatik aurrera izango da.

Irlandako Glencree hiriko Bake eta Adiskidetze zentroan, 2007an eta Eusko Jaurlaritzako Terrorismoko Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak bultzatuta, ETA, GAL eta eskuin muturreko biktimak biltzen hasi ziren. Esperientzia hau sekretuan gorde zen 2012. urtera arte, eta orduan bildu zituzten dokumentu batean 27 biktimen bizipenak, «jasandako biolentzia guztiak, oinarrian bidegabeak» izan zirela nabarmenduz.

Hurrengo urtean, 2013an, K2000 enpresak EITBrako ekoitzi zuen Glencree, el camino recorrido juntos dokumentala , Maite Ibañezek zuzendu zuena. Ostiralean, 19:00etan, Villabonako Gurea aretoan eskainiko dute eta behin filma ikusita, solasaldian parte hartuko dute, Ibañezek berak eta 1975ean fusilatutako Jon Paredes Txiki etakidearen anaiak, Mikel Paredesek. Azken honek, Glencree hiriko esperientzian parte hartu zuen.
Amasa-Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza batzordeak antolatu du emanaldia, legealdi honetan hasitako giza eskubideen aintzatespenaren eta errespetuaren onuran egindako lanekin jarraitzeko. Aurrez, azaroan, Mujeres en construcción dokumentala eman zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!