«Nik ez dut publiko berezi bat, etortzen dena da nire publikoa»

Jon Miranda Labaien 2019ko urt. 18a, 20:03

Amasako elizan ariko da, bihar, 20:00etan, 'Lau urtaro' zikloaren barruan; Edorta Amurua semearekin batera, «formatu txikian» eta «betiko errepertorioa» eskainiko dute.

Euskal folk berriak emandako emakumezko abeslaririk garrantzitsuena da Amaia Zubiria (Zubieta, 1947). Haizea talde aitzindariko kantariak, bere ibilbidean, bakarkako lanak eta beste musikariekin osatutako egitasmoak tartekatu ditu. Kantaera sakonaren jabe da eta, bere bizilekutik, Angucianatik (Errioxa, Espainia) erantzun die TOLOSALDEKO ATARIAren galderei.

Maiz ematen al dituzu larunbatekoa bezalako emanaldiak?

Orain aparte samar nabil, erretiroa ere hartu bainuen. Baina ahotsa barruan daukat oraino eta, hortaz, deitzen baldin banaute, eta ongi sentitzen banaiz, joaten naiz. Askotan ez, baina banabil oraindik.

Zer nolako errepertorioa prestatu duzu, bihar eskaintzeko?

Nire kantu batzuk emango ditut, beti bezala, kantu zaharrak. Goxoa eta intimoa da errepertorioa. Gero, zenbait kantu ere eskainiko ditut, niretzat behintzat tradizionalak direnak, baina jabea dutenak. Xabier Leteren eta Lurdes Iriondoren kantuak joango dira tartean, esate baterako.

Badira propio eskatzen dizkizuten kantuak?

Ez gara arlo horretan sartzen. Gure errepertorioa aldatzen joan da eta, urteekin, kantuak erantsi dizkiogu. Dauzkagun guztietatik eta kantu zaharretatik aukera bat egiten dugu, jendearen gustukoa izango delakoan. Kontuan hartzen dugu nora goazen, eta ea bertako entzulea oso euskalduna izango ote den. Horrelako detaileak hartzen ditugu gogoan, eta horren arabera aukeratzen ditugu kantuak.

Elizan eskainiko duzue kontzertua. Toki aproposa al da hori?

Bai, oso. Gure kontzertuak ahotsean oinarrituta daude. Melodikoak gara. Ni ez naiz elizkoia edo sinestuna, ez naiz gauza askotarako hurbiltzen elizara, ez bada kanturako; eta, elizak, horretarako aproposak dira. Horretarako asmatuak dira. Amasakoan ez naiz inoiz egon; herri horretara joan izan naiz, baina sekula ez elizan kantatzera.

Edorta Amuruarekin batera ariko zara. Semea duzu.

Bai. Oso handia egiten ari da eta, ni, zer esanik ez [barrez]. Urteak dira elkarrekin ibiltzen garela, eta gustura gabiltza. Berak, gitarrarekin eta ahotsarekin lagunduko nau.

Gurasoek seme-alabei erakusten omen diete. Zuri semeak zer erakutsi dizu musika munduan?

Beti ari gara ikasten. Elkarren erreferentzia gara. Beste edozeinekin zaudela ere, bakoitzak ematen dizu daukana, eta zuk daukazuna adierazten diozu besteari. Hori da transmisioa. Ni gazte jendearekin asko ibiltzen naiz, eta beti ari naiz gauzak jasotzen eta ikasten. Baina ez nuke umilegia izan nahi; nik ere emango ahal diet zerbait! Niretzat plazera da, konbertsazio gozo bat da, transmisioa modu askotara egiten baita. Adinarekin lasaitasuna eta patxada etortzen zaizkiu, ezinbestean. Ikasi duzunarekin, ikasi nahi duzunarekin, ez dakizunarekin eta gabezia guztiekin onartzen duzu zeure burua.

Zabalik jarraitzen duzu.

Guk ez dugu musika egiten, musikak egiten gaitu gu. Berak nahi duen artean, ahotsa dagoen bitartean eta burua argi dugun bitartean, segiko dugu, betiere, publikoak nahi badu.

2010ean 'Amona mantangorri' diskoa atera zenuen. Ordutik ez duzu gehiago argitaratu.

Egia esan, ez ditut atera ditudan diskoak kontatu. Moda ez zait sekula inporta izan eta, espero dudan bakarra da, atzera begiratuz gero, jendeak egin dudana gustukoa izatea. Nik nire lanak maite ditut eta niretzako ez dute denborarik. Orain musika gehiago entzuten dut eta, aspaldi ezagutu nituen kantarien artean, emakumeen ahotsak gustatzen zaizkit gehien. Berriz entzun ditut, eta orduan baino gehiago gustatzen zaizkit orain. Uste dut asko daukagula ikasteko eta, batez ere, gozatzeko. Dena ez da ikastea. Ahotsa da ni erakartzen nauena, eta interpelatu egiten nau. Nire artean pentsatzen dut: «Hau ezin al dut nik egin?». Interesa, kuriositatea,... sortzen didate, entzuten ditudan musikari horiek.

Imanolekin ere kantari aritu izan zinen. Harkaitz Canoren 'Fakirraren ahotsa' nobelan ageri den pertsonaiaren batengan sumatu al duzu zure pertsonaren oihartzuna?

Oraindik ez dut irakurri nobela, baina badut gogoa. Urte berean jaiotakoak ginen Imanol Larzabal eta biok. Belaunaldiak zeresan handia du. Bizikizun antzekoak bizi izan genituen, eta ezberdinak, beste asko. Guztiaren gainetik zegoen gure egin nahia. Bestela, oso pertsona arruntak ginen, baina, artean, musikan, nahikoa bereziak izan ginen. Gu ez ginen eskolako umeak. Imanol arkitekto bidean zihoan eta ni, berriz, 11 urterekin ile apaintzaile hasi nintzen. Prekarietate osoan, dena utzi eta mundu horretan sartu ginen. Hor egin genuen apustua, gure ideiekiko fidelak izan ginen, puska batean gure erromantizismoagatik. Jo eta ke ibili ginen, bizitza horretan joango balitzaigu bezala eta, agian, horretan joan zaigu...

Bizitza osoa musikari emana bizi ondoren, erretiro duina geratu al zaizu?

Ez dit lotsarik ematen esateak. Nik erabaki nuen prekarietatea, tuntuna nintzelako, segur aski. Ezin kexatuko gara, ordea. Nik aukeratutako bizitza da eta, egia da, gauza askori uko egin behar izan diedala, kapritxo askori, adibidez. Baina ez naiz damu, ezertxotaz ere. Zuk nahi duzun hori egiteko libre sentitu behar duzu eta, libre izateko, erosotasuna galdu behar duzu. Talde batean sartuta zaudenean, edo bikote ziur batean zaudenean, edo genero oso argia daukazuenean, edo nik ez dakit zenbat gauzatan ziurtasun bat daukazunean, esango nuke ez zarela libre.

Zure bizitzan zehar, libre izan zarela esango zenuke?

Bai. Libre. Eta saiatu naiz inori minik ez egiten, baina hori ez da posible. Beti egingo diogu norbaiti min, nahi gabe, zeren gu ere minduta gaude; guri ere gauzak etortzen zaizkigu akordura, eta oso egoera muturrekoetan bizi izandakoak gara. Egoera horiei aurre egiteko, seguru asko, jende askori, edo batzuri behintzat, min eman diegu.

Publiko jakin batentzat pentsatuta al dago larunbateko emanaldia?

Pubikoa ez da masa bat. Pertsona indibidualak dira, norberetasun osoarekin. Amasako herrira etortzen den jendeak ziurtatuta edukiko du giro ona. Behin etorrita, gozatuko dutela badakit. Inguruko herrietatik ere gertura daitezke, Lasarte, Andoain, Villabona edo Tolosatik, nahi badute. Nik ez dut publiko berezi bat, etortzen dena da nire publikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!