Kale-hezitzaileen lokalean egin beharreko berrikuntzak direla eta, udalak diru laguntza eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari bertako leihoak konpondu eta egoitza zaharberritzeko. 14.499 euroko aurrekontuari 10.874 euroko diru kopurua esleitu dio aldundiak, aurreko astean argitara eman zuen bezala.
Modu honetara, udalak esan du 1999. urtetik Amasa-Villabonako gazteekin duen konpromisoa berretsi duela. Zerbitzu horrek, gazteei euren gatazkak kudeatzen laguntzen die modu pedagogiko eta lagunkoi batean, eta horretarako, lokalak ere egoera onean egon behar du, gazteen ongizatea bermatuz.
Horrez gain, landa ingurunea dinamizatzeko diru laguntza jaso du udalak Eusko Jaurlaritzatik, guztira 4.141 euro. Besteak beste, Amasako San Martin Elizan ospatzen diren Lau Urtaro izeneko kontzertuetarako lortu da diru kantitate hau. Amaia Zubiriak eskainiko du negu honi dagokiona, urtarrilaren 19an, larunbata, 20:00etan. Euskal musikako ahots nagusienetarikoa den abeslari ezagunak, kontzertua eskainiko du bere seme Edorta Amuruarekin batera. Abesti tradizionalak eta bertsio modernoagoak eskainiko ditu larunbateko emanaldi horretan. Sarrera doakoa izango dela jakinarazi du kultura sailak.