Villabonako erdigunean dagoen Errebote plaza hesitu eta bertako hiri-altzariak kendu zituzten atzo, plaza eraberritzeko obrarekin hasi ahal izateko. Hemendik aurrera, eta lanak irauten duten bitartean, astearteetan egiten den azoka lekuz aldatuko da eta Remi Ayestaran pasealekuan jarriko dira postuak.
EH Bilduren desadostasuna
Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak kokapen hau «ezegokia» dela adierazi dio udal gobernuari. Koalizio abertzalearen esanetan, «pasealeku hau oinezkoentzat diseinatua dago, azpian bizilagunen garajeak daude eta azoka bertan ezartzeko hainbat kamioneta eta furgoneta sartu behar dira bertara. Kamioi eta furgoneten joan-etorri hauek, pasealekuko lurzorua bera eta azpiko garajeen irazgaiztea ere kaltetu dezakete, garajeetara ur filtrazioak eragiteko arriskua sortuz».
Garajeetan ur filtrazioak eraginez gero, hauek konpontzeak «kostu ekonomiko izugarria» ekarriko lioke udalari Amasa-Villabonako EH Bilduren ustez, «eta kasu horietan askoz hobea izaten da kalteak eragin aurretik erreakzionatzea, ondoren atsekabetzea baino». Datozen hilabeteetarako behin behineko beste kokapen batzuk aztertzea gomendatu dio koalizioak udal gobernuari. Aukera posible batzuk mahai gainean jarri ditu EH Bilduk: Oriamendi, Larrea edota Errota auzoetako pasealekuak. «Kokapen egokiak izan daitezkeela pentsatzen dugu, azpian garajerik ez dagoelako eta bide batez erdigunetik gertu dauden auzo hauei bizitasuna ematea ekarriko lukeelako».