Geldirik geratzeko asmorik gabe

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 10a, 09:00
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza aurrean egin zuten elkarretaratzea abenduaren 26an Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek; tartean izan ziren Santiago egoitzakoak. TOLOSALDEKO ATARIA

Gipuzkoako herri askotan egin bezala, Villabonako Santiago egoitzako langileek ere bat egin zuten 2018ko azken asteko lanuzteekin; 5.000 langileren baldintzak hobetzea eskatzen diote aldundiari.

Gabonetan eskualdean sortu den irudietako bat izan da Villabonan gertatutakoa. Enpresetako langile gutxik egiten diote uko urtero data horietan jasotzen duten saskiari. Villabonako Santiago Zaharren Egoitzan, ordea, langileek Caritasera bideratu nahi izan zituzten euren produktu sortak. Laura Carretero klinikako laguntzailea eta pertsonalaren ELAko ordezkaria da, eta Villabonan nahiz Gipuzkoako herri askotan azken asteetan izandako lanuzteen nondik norakoak azaldu ditu.

Duela hiru hilabete hasi bazen ere, Gipuzkoako Zaharren Egoitzetako langileen greba deialdiak indar handia izan du amaitu berri den urteko azken egunetan ere. Are gehiago, abenduren 24tik 26ra eta 28tik 31ra, ELAk zazpi eguneko lanuztea egin zuen. «Mobilizazio hauen inguruan egiten dugun balorazioa oso ona da. Jarraipen bikaina izan du probintzia osoan zehar, eta jendeak elkarretaratzeetan emandako erantzuna ere ezin hobea izan da». Baina, hau ez da aurtengo kontua soilik. Gipuzkoako zahar etxeetako kideek bi urte daramatzate negoziazioekin, baina ez dute emaitzarik lortu. Sektoreko 5.000 langileren lan baldintzak hobetzeko eskatzen ari dira sindikatuak, mobilizazioetan soldata eta ratio hobeak aldarrikatuz.

Gabonetako egun garrantzitsuenak aprobetxatu nahian, abenduko azken astean izan ziren ekitaldi jendetsuenak Gipuzkoan. 26an, esaterako, Donostian egindako manifestazioaren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinaren parean elkartu ziren ELAko ordezkariak. «Gainerako egunetan, hainbat herritako egoitzatan elkarretaratzeak egin dituzte, herritarrei eta familiei greba honen berri emateko asmoz. Horiez gain, sinadura bilketak nahiz auto karabanak ere egin ditugu herrian bertan».

Negoziazioek, ordea, bere horretan jarraitzen dute. «Egindako aldarrikapen eta mobilizazioen ondoren ere, foru aldundiak ez du erantzunik eman, eta ez du ematen egingo duenik. Bildu garen bakoitzean, ez dute inongo proposamenik eraman, eta sindikatuaren erabakia izan zen berriro ez elkartzea, negoziaziorako aurrerapauso bat eman arte», azaldu du Carreterok. Eta gaineratu du: «Are gutxiago, sinatu beharreko hitzarmena sinatu arte».

Gabonetako saskia Caritas erakundeari ematearen inguruan hartutako erabakiari buruz galdetuta, Santiago egoitzako langilearen esanetan, elkartasun handia jaso dute herritar askoren aldetik. Egun batzuk lehenago hasi zen kontua. Izan ere, Aita Menni egoitzaren ardura daraman enpresako langileekin bilera bat izan zuten. «Harrituta geratu ziren greban geundela azaldu genienean; ez zuten erabakia ulertzen. Haien esanetan, foru aldundiak izan beharko luke hartu beharreko erabakien ardura; administrazio horren esku dago dena. Enpresako kideek, berriz, zioten ez dutela ezer egiteko. Guk, berriz, azaldu genien beraiek ere presio lan hori egin dezaketela, eta eskuak gurutzatuta geratzeak ez duela ezertarako balio; guztiok gure aldetik zerbait jartzea onena dela aipatu genien».

Orduan azaldu zieten, enpresari, Gabonetako ohiko saskiak jasotzen bazituzten, protesta modura Caritasera bideratuko zituztela, nahiz eta Aita Menniko kideek erabakia ez ulertu. Herritarrek aitortu diete, poz handia hartu dutela, eta keinu egokia izan dela.

«Neurrigabeko lana»

Santiago egoitzako langileen kasuan, ia ehuneko ehunak egin zuten bat abenduko zazpi eguneko greba deialdiarekin. Gutxi gorabehera 25 langilek hartu dute parte antolatutako lanuzteetan. Bostek, baina, beste sindikatu batean izena emana dutenez, ez dute lanuzterik egin egoitzan bertan. «Ez nuen oso ondo ulertu erabaki hori; azken finean lan talde bat gara, eta lortu nahi dugun helburu hori, guztiontzat izango litzateke», aldarrikatu du Carreterok.

Gutxieneko zerbitzuak eskaini behar izan zituzten langileek ere, ezin izan zuten parte hartu greba deialdietan. Era berean, nahiz eta egoitzako langileen aldarrikapen, ideia eta helburuekin bat egin, gauez lan egin dutenek edota euren txandatan bakarrik aritu direnek, ezin izan dute elkarretaratzeetara bertaratu. «Azkenean, gutxieneko zerbitzua eskaini beharra, neurrigabeko lana izan da guretzat. Irailean, egun bakarreko greba deialdiarekin hasi ginenean, puntako orduetako gutxieneko langile kopurua %50 eta %60 artekoa zen. Urriaz geroztik, berriz, kopuru horiek %70 eta %80ra artekoak izatera igo dira. Lanerako ditugun baldintzak kontuan hartuta, gehiegi da guretzat» nabarmendu nahi izan du ELAko ordezkariak.

Duela hilabete batzuk, Ordiziako erresidentzian ematen duten zerbitzuaren inguruko zenbait xehetasun ezagutarazi zituzten. Zortzi pertsona egun oso batez ohean utzi zituztela zioten datuek. «Horren frogak ez ditugu eskuratu bertan ikerketa bat egin eta gero, baizik eta foru aldundiak zenbait egoitzetan egindako inkestatako emaitzetatik. Inoiz argitu ez dena, ordea, zera da: zortzi erabiltzaile horiek ohean uztearen erabakia kudeatzaileek aurreko egunean hartutakoa izan zela». Carreterok dio, ratioen gorakada horren ondorioz heldu zela, gutxieneko zerbitzua eskaintzeko garaian.

Ordiziako udaletxearen parean egin zuten elkarretaratzea urtea amaitu aurretik, bertako egoitzako langileen egoera salatzeko. Santiago egoitzako langileek ere bat egin zuten protesta horrekin, eta Goierriko herrian izan ziren eurak ere. Villabonan, berriz, abenduaren 28an, Inozente egunez bildu ziren Malkar plazan, greban zeudela aldarrikatzeko, eta herritarrei ahalik eta informazio gehien helarazteko.

Epe laburrean, protesta ekitaldiei indar handiagoa ematea da Villabonako Santiago egoitzako langileen asmoa. «Gainera, seguru helduko diren greba egunetan ere parte hartzeko asmoa dugu. Ez gara geldirik geratuko eta, are gehiago, ez dugu amore emango».

Oraindik lanuzteak zein egunetan egingo dituzten erabaki ez badute ere, negoziazioetan inolako aurrerapausorik ematen ez duten bitartean, Villabonan ere aldarrikapenekin jarraituko dutela aitortu du Carreterok, orain arte Gipuzkoa osoko herri eta egoitzetan egin den bezala, erresidentzien hitzarmena «behingoz» sinatu arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!