Udalak 17 proposamen jaso ditu Errebote plazako proiekturako

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 3a, 11:02

Azaroaren 14an Herritarren Partaidetza batzordean erabakitakoaren arabera abenduaren 1a arteko epea zabaldu zen ekarpenak jasotzeko eta horietako batzuk azkeneko proiektuan txertatuko dira. 

Udalak adierazi duenez, "ekarpen hauek proiektua aberasten lagundu dute, eremu publiko singular honen erabilera guztiak erabat bermatuta geratzen direlarik". Hala ere, azken erabakia Hirigintzako hurrengo batzordean hartuko dela jakinarazi du udalak.

Jasotako eta onartutako ekarpenen artean daude, Gabonetako barrakak plazan jarraitzea, astearteko merkatua plazan mantentzea eta futbitoko marrak eta porteriak mantentzea. Horrez gain, udaletxe atzealdea margotzeari onarpena eman zaio (frontoia eta udaleko koloreak homogeneoak izanda) eta baita txakurren kakak jasotzeko poltsak hartzeko gune bat ipintzeari, lehendik ere badaude herrian, baina gehiago jartzea ez du baztertzen udalak.

Atzera botatakoak

Udalak jakinarazi duenez, proiektuarekin zerikusirik ez duten eskaera batzuk kanpoan geratuko dira. Eskaera horien artean aipatu dituzte Gabonetan plaza aparkaleku bezala erabiltzearena eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioa jartzearenak. Udal autoa kargatzeko puntuetako bat SACEMen jartzeko asmoa du udalak, eta aurrera begira, gasolindegiren batean horrelakoak jartzeko aukera aztertuko du.

"Ia segurtasun osoz" baztertuko diren eskaerak ere aipatu ditu udalak. Mural feministarena, esate baterako, "emakumeek nahi dutena idazteko eskubidea dutela eskatuz egindakoa". Petankan jolasteko zonaldearen eskaera ere baztertu dute, "herrian inolako tradiziorik ez duela" argudiatuz. Baita eskubaloia edo saskibaloia jolasteko marrak marraztearena plazan, "Arroan badago horretarako pista bat dagoeneko".

Proiektua idatzi dutenekin aztertuko diren gaiak ere aipatu ditu Amasa-Villabonako Udalak: harri-horma botatzearena, liburutegi ondoko pilotaleku txikia txukundu eta estaltzea, errebotea ikusteko harmailak ipintzea, udaletxeko arkupeetan eta plazako horma baten testuinguru historikoa azaltzea, udaletxe atzeko fatxada argiztatzea, plazako ornamentazioa hobetzea, berdeguneak sortzea, bizikletak uzteko lekua jartzea, umeentzako parke bat ipintzea, edo herriko artisten artean mural apaingarri bat marraztea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!