Guztiek nahi duten txapela, Antton Pebetena

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 28a, 07:55
Argazkia: Egoitz Bengoetxea
VII. Antton Pebet finalean Apezetxea-Mugirondo eta Salaberria-Balerdi ariko dira, hurrenez hurren.
VII. edizioa abenduaren 5ean hasi zen eta finalera bitartean 21 pilotarik parte hartu dute. Finalera iritsi diren onenak bi goizuetar dira: Salaberria eta Apezetxea, eta beraien bizkar-zain Balerdi antzuolarra eta Murgiondo azpeitiarra, hurrenez hurren.
 
Finaleko jaialdia ordea ez da partida bakarrekoa izango. Eskuz, emakumezkoen partida bikaina eta joko garbiko elitekoen norgehiagoka gogorra izango baita.
 
Zazpigarren edizioa bada ere, 2009ko abuztuan zendu zen Antton Pebet Angelun jaio zen Behar Zanako pilotaria. Iñaki Lizasoren pilota bikote zen, eta gabon haietan egin zitzaion lehen omenaldia Anttoni. Ordu ezkero, urtero antolatu dute Lizasok eta Behar Zanako taldekideek txapelketa hau, bi urtetan izan ezik. Pixkanaka, indarra eta sona lortu duen txapelketa da honakoa, eta babesle eta laguntzaile guztiei esker, sari ederrak eta erakargarriak eskaintzen dituzte. 
 
Euskal Herri osoko zein Errioxako pilotari onenek jokatu izan dute, eta ikusi besterik ez dago, profesionaletara salto egin duten eta Villabonan jokatu dutenen zerrenda amaigabea.
 
Txapelketako talde antolatzailea den Behar Zana Pilota taldeak 140 pilotari ditu egun eta emakumezkoen pilotaren alde eta joko garbi eta errebotearen alde lan handia egiten du. Horren isla izango da jaialdiko bi partiden egitura.
 
Jaialdia, bihar arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Eskuz elite mailan eta takoekin jokatuko dutenak, Miren Larrarte bidaniarra eta Miriam Arrillaga agiñarra izango dira alde batetik, eta Olatz Arrizabalaga gernikarra eta Nora Mendizabal andoaindarra bestetik.
 
Arratsaldeko bigarren partidan iparraldetik joko garbiko 4 espezialista handienak izango: Sistiague-Karrikaburuk gorriz jokatuko dute eta Driolet eta De paredesek urdinez ariko dira. Iaz partida hauxe jokatu zen, eta sortu zuen ikusmina eta harridura ikusirik, berriro ere lau pilotari berberak gonbidatu ditu antolakuntzak.
 
Sarrera doakoa izango da eta berogailua izango da hotzari aurre egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!