Ezagutarazi eta mantendu

Jon Miranda Labaien 2018ko abe. 21a, 13:39

Villabonako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du Burdina taldearekin, Amasan dauden karobiak berreskuratzeko

Amasako Musturiazpi, Floreaga eta Mikeliartza baserrietako karobiak berreskuratzen aritu da azkeneko urtebetean Burdina taldea, Amasa-Villabonako Udalarekin sinatutako hitzarmenaren bitartez. Garbiketa eta zaharberritze lana egin dute Aranerrekako bidean aurkitzen diren karobietan. Burdina taldeko kide den Ander Otañok azaldu du: «Jende asko ibiltzen da hemen korrika edo paseatzen eta gure helburua izan da herritarrei ikusaraztea non dauden karobiak».

Horretarako, sasiak garbitu eta belarrak kenduta, karobiaren fatxadak txukundu dituzte eta harri berriak jarri dituzte, «labea bera ikusgarriagoa egiteko». Ez dira Burdina taldekoak hutsetik abiatu, ordea. 1994an, Aranzadi zientzia elkarteak egindako lana aitortu du Otañok eta haiek jasotako dokumentazioa oinarri gisa hartu dutela aipatu du: «Guk orain osatu egin dugu haiek egindako lana».

Maite Izagirre alkateak aipatu du ez dela lehen aldia Amasako karobiak konpontzen direla, baina hori bai, lehen urtea da, Burdina taldearekin hitzarmen bat sinatzen dela. «Ez bakarrik karobiak berreskuratzeko, lankidetza hitzarmena sinatu dugu, urtean zehar ere karobi hauek mantendu ditzatzen».

Dibulgazioa helburu

Amasa-Villabonako Udalaren helburua belaunaldi berriei karobien berri ematea da. Izagirrek azaldu duenez, «baserriek labe hauek erabiltzen zituzten, kareharria eta egurra erretzen zituzten, gero kare bizia lortzeko. Horrekin, lurrak ongarritu, baserriak margotu eta ukuiluak garbitzen zituzten». Ondare historiko hori galtzea «penagarria» dela uste dute udal ordezkariek eta horregatik jarri ziren harremanetan Burdina taldeko kideekin. «Ondare historiko honek gure herri identitatea indartzen du, belaunaldiz belaunaldi iraganarekin lotura bat sortuz».

Eneko Urdangarin zinegotziaren ustez, ondare material honen berreskurapenak aurrerapausoa eman du Burdina taldearekin sinatutako akordioarekin. «Atontze lanak burutu dira aurten eta 2019ra begira hainbat panel informatibo ipiniko dira labe hauen historia bilduz eta bertan egiten zen kare biziak zituen erabilerak azalduz. Amasak Villabonarekin bat egin zuela 400 urte betetzen dira, gainera, datorren urtean».

Jarriko diren panelak baliatuz ibilbide bat prestatuko du Amasa-Villabonako Udalak, Izagirrek azpimarratu duenez. Bidea Amasako plazan abiatuko da eta Aranzabitik barrena, Musturiazpi, Floreaga eta Mikeliartza baserrietatik pasako da. «Aranarreka bideari balioa eman nahi diogu». Gainera, panel hauek jartzeaz gain, esku orri informatibo bat publikatuko du udalak. «Aurrera begira, bisita gidatuak egiteko asmoa dugu, jendeari ondare hau ikusarazteko. Askotan pasatzen gara hemendik eta oharkabean joaten zaizkigu, gure aurrekoek erabiltzen zituzten labe hauek», esan du Izagirrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!