Pebeten finalerdiak, erabakita

Asier Imaz 2018ko abenduaren 18a

Abenduaren 23an, igandean, 11:00etan jokatuko dira bi finalerdiak; finala, hilaren 29an, larunbatean izango da

VII. Antton Pebeten Oroimenezko Esku Pilota Txapelketaren final-laurdenak ostiralean eta larunbatean jokatu ziren Villabonako Bearzana pilotalekuan.

Ostiralean, Salaberri-Balerdik ezustekoa eman zuten, Eneko Labaka eta Telletxea txapelketatik kanpo utziz 22-14ko emaitzarekin. Albizturko bikotea afizionatu mailan puntakoa da, baina Iñaki Lizaso antolatzaileak esan zuen Balerdi ezustekoak emateko dagoen atzelaria dela. Lehen final-laurdenean Urbieta-Urruzolak 22-11 irabazi zien Maiz-Aranalderi. Asteasuarrek, beraz, finalerdian Salaberria-Balerdiren aurka jokatu dute.

Larunbatean, lehen partida ikusgarria izan zen. 22-21 amaitu zen eta Santxo-Bergarak galdu egin zuten, Exposito-Alduntzinen aurka. Bigarren final-laurdenean Peru Labaka zizurkildarrak galdu egin zuen Elizegi lagun zuela, 22-9 Apezetxea-Murgiondoren aurka.

Finalerdiak igande honetan jokatuko dira Bearzanan, 11:00etatik aurrera.

Argazkiak: Irati Saizar

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!