Eguberrietako egitarauaren berri eman du Amasa-Villabonako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 14a, 12:50

Ekitaldiz beteriko kultur programazioa prestatu dute, eta aurten lehen aldiz, jaiotzen erakusketa jarriko dute Gurea aretoan.

Villabona Aiztondoko bailarako elkargune bihurtzea da Amasa-Villabonako Udalaren asmoa, "elkargune ekonomiko eta kulturala", esan du Maite Izagirre alkateak. Udaletik antolatu dituzten ekitaldien berri ematerakoan, programazioarekin bete nahi dituzten asmoen berri eman du: "Bizitza soziala sustatzea, elkarbizitza eta partaidetzaren ikuspegitik; Gabonetako erosketak herriko dendetan egitea bultzatu nahi dugu, konfiantzazko eta gertuko komertzioa baita herrian duguna eta horretarako askotariko kultur programazio eta kalitatezkoa prestatu dugu".

Musika emanaldiak aipatu ditu Mertxe Garmendia kultura zinegotziak. Lehena, igandean, Amasako San Martin elizan, Eresargi Txiki eta Eresargi abesbatzek, Loatzo musika eskolako orkestrarekin batera eskainiko dutena izango da.  Hala ere, aurten lehen aldiz antolatu duten erakusketa bat nabarmendu du Garmendiak, Gurea zinema areto gelan ikusgai izango den jaiotzen erakusketa: "Gipuzkoako Belenzaleen elkartearekin hitzarmena sinatu dugu eta haiek ekarri dituzte jaiotzak. Euskal kulturan girotutako jaiotza bat ezarriko da Lezoko baserri bat, Lasturko errota eta gure folklorea islatzen dituelarik. Horrez gain, lau diorama, lau kutxa (euskal eta hebrear erako irudiekin), figura perutarren jaiotza bat, 2008an serie mugatu bateko piezekin egindako Salzilloren jaiotza, eta azkenik, Ansoko Araneko ohikoak diren jantziekin osatutako Aragoiko jaiotza kontenplatzeko aukera izango da".

Joxean Cubero kultura teknikariak nabarmendu duenez, abenduaren 17tik urtarrilaren 5era bitartean jarriko dute jaiotzen erakusketa, "iragarri baino lehenago zabalduko dugu, beraz". Ohiko ordutegian ikusgai izango da, astelehenetik ostiralera18:00etatik 20:30era eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara; abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, 17:00etatik 18:30era zabalduko dute. Cuberok aurreratu duenez, gospel eta ballet emanaldietarako sarrerak egunean bertan salduko dira Gureako leihatilan, sei euroan.

"Programazioa denen gustukoa izatea espero dugu", esan du Izagirrek. Gaur arratsaldean, 18:00 Berdura plazan, Gabonetako argien piztuera ekitaldia egingo dute. Aurten, argi gehiago jarri dituzte Amasa-Villabonan, Txermin eta Etxeondo auzoetara eta Amasara zabaldu dute argiztapena. Megafonia ere izango da eta eguberrietako kantak entzun ahal izango dira, hizkuntza ezberdinetan. Gabonei harrera egiteko ekitaldian, Oinargi dantza taldeak emanaldia eskainiko du eta bertaratutakoen artean, txokolatea banatuko dute gaur arratsaldean.

Abenduak 16, igandea

11:00. Amasako San Martin elizan, Loatzo Musika Eskolako Orkestra, Eresargi Txiki abesbatza eta Eresargi abesbatza. Doako kontzertua.

Abenduak 18, asteartea

18:30. Loatzo musika eskolaren eguberrietako emanaldia, Gurea antzokian.

Abenduak 22, larunbata

19:45. Villabonako Jesusen Bihotza elizan, Eresargi Txiki abesbatza eta Eresargi abesbatzaren kontzertua.

Abenduak 23, igandea

19:00. Gurea antzokian, The Upper Room gospel emanaldia izango da. Iñaki Miguel pianoan, Mikel San Jose ahotsean, Andoni Etxebeste baterian, Maria Soriazu baxuan eta Karlos Etxaniz, Santi Romano eta Olatz Otxoak egindako koroak .

Abenduak 24, astelehena

17:45. Zunbeltz elkartearen eskutik txistorra banatuko da Otsabin.

18:00. Olentzero eta Mari Domingiren etorrera.

Ondoren. Errebote plazara jaitsiko dira musikariek eta dantzariek lagunduta.

Abenduak 27, osteguna

19:30. Errusiar balleta, Essta konpainiaren eskutik. Maria Gusarencok zuzenduta askotariko programa eskainiko du balletak, klasikoa eta modernoa uztartuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!