Hasiera ikusgarriaren ondoren, final itxurako finalerdien txanda

Ataria 2018ko abe. 13a, 13:54

Final-laurdenetako partidak ostiralean eta larunbatean jokatuko dira Villabonako Bearzana pilotalekuan; 19:00etan eta 11:00etan hasiko dira esku pilota jaialdiak

Hasiera bikaina izan zuen pasa den ostiralean VII. Antton Pebeten oroimenezko txapelketak. Lehen partidan, Maiz billabonatar eta Behar Zanako pilotariak, Aldabe nafarrarekin batera iazko txapeldunorde izan zen Zezeaga bergararra eta Zubiria berrobitarraren aurka irabazi zuten. Emaitza 22-17koa izan zen eta partida bizia eta ikusgarria ikusi zen Bearzana pilotalekuan, batez ere atzeko koadroetan. Zezeagak golpe ikusgarria erakutsi zuen eta Aldabek guzti hura eusteko gaitasuna eta aldi berean eskuin bizia plazaratu zuen. Aurrean, Maizek, batez ere lana eta defentsa ezarri zituen eta Zubiriak tanto ederrak egin bazituen ere akats gehiago egin zituen. Partidaren gakoa hortxe izan zen: bikote irabazleak huts gutxiago egin zituen.

Horrela, Maiz eta Aldabe final-laurdenetarako sailkatu ziren eta beraien partida ostiralean izango da, abenduaren 14an, 19:00etan Asteasuko Urbietaren (iazko txapelduna) eta Bikuña donostiarraren aurka. Atzelariak laster Aspe enpresarekin profesionaletara jauzia egingo du.

Bigarren partidak emoziorik ere ez zuen falta izan. 22-20 izan zen azken emaitza eta irabazleak 19-20 galtzen ere joan ziren. Salaberria goizuetarrak eta Balerdi antzuolarrak irabazi zuten iazko txapeldunorde geratu zen Hernaniko Arrieta (lauretan onena) eta Esnaola txaramarraren eta Behar Zanako pilotariaren aurka.

Balerdik eskuinarekin pilota ederki astindu zuen eta Salaberriak aurrean pilota harrapatu zuenean ongi amaitu zuen, tanto bikainak eginez. Arrietak partidaren zama hartu zuen eta defentsan zein erasoan lan handia egin zuen. Lauretan onena izan zen, maila handiko pilotaria dela erakutsiz. Profesionaletara gutxiago jokatuta pasa dira makina bat pilotari.

Esnaolak berriz, pilota zailak eraman zituen eta aurrean, aurrelari onenaren gisan, bi tanto eder egin zituen. Atzetik joan ziren markagailuan galtzaileak baina partidaren erditik aurrera, hutsak gailendu ziren Balerdi eta Salaberriaren artean eta Arrieta eta Esnaolak 20-19 aurretik jartzea lortu zuten.

Azkenean, partida irauliz gorriz jokatu zuten pilotariak pasa ziren final-laurdenekoetara. Hauek ere datorren ostiralean jokatuko dute eta bikote gogorra izango dute zain: Eneko Labaka eta Telletxea albizturtarrak.

FINAL-LAURDENAK, ASTEBURUAN

Antton Pebeten oroimenezko binakako esku pilota txapelketaren final-laurdenak ostiralean eta larunbatean jokatuko dira Villabonako Bearzana pilotalekuan. Txapelketaren une gozoa izango da, pilotari guztiak sartuko baitira jokoan. Gauzak horrela, partida ikusgarriak geratu dira bi egun horietarako.

Ostiraleko jaialdia 19:00etan hasiko da, eta bi final-laurden ikusteko aukera egongo da. Lehen partida Urbieta-Bikuña eta Maiz-Aldaberen artekoa izango da. Aurreko fasetik datorren bikoteak ezustekoa ematen jarraitu nahiko du, baina aurrean izango duen bikotea txapela irabazteko faboritoetakoa da.

Bigarren partidan Eneko Labaka eta Xabier Telletxea sartuko dira txapelketan. Salaberria eta Balerdi izango dituzte aurkari. Partida oso arriskutsua izango da, bi bikote handi baitira.

Larunbatean, 11:00etatik aurrera, beste bi final-laurdenak jokatuko dira Bearzanan. Lehenengo lehian Santxo-Lizeagak Exposito-Alduntzini egingo diote aurre. Ikuskizuna aurrean ziurtaturik dago, afizionatuen mailan bi puntako aurrelari direlako.

Bigarren partidan eskualdeko beste ordezkari bat egongo da, Peru Labaka zizurkildarra. Aurrelari artista da eta Elizegi lagun duela Apezetxea-Murgiondoren aurka egin beharko du. Larunbatekoa ere jaialdi ikusgarria geratu da, beraz.

FINALERDIAK ETA FINALA

Abenduaren 23an, igandean, Pebeten oroimenezko finalak erabakita geratuko dira. 11:00etatik aurrera jokatuko dira bi finalerdiak.

Txapelketa erabakita utziko duen partida, berriz, abenduaren 29an jokatuko da, 17:30ean hasiko den pilota jaialdi bikain batean. Festa joko-garbiko partida ikusgarri batek hasiko du, munduko pilotari onenekin. Emakumeak izango dira protagonista ondoren. Finala, azken partida izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!