Urte Zaharreko Krosak 2018

Villabona eta Zizurkilgo Urte Zaharreko lasterketak 35 urte beteko ditu

Ataria 2018ko abe. 12a, 12:38

Zunbeltz eta Urkamendi elkarteek antolatuta, Villabona eta Zizurkil arteko Urte Zaharreko lasterketaren 35. edizioa izango da abenduaren 31n. Izen-ematea zabalik da.

16:00etan izango da lehen lasterketa, 9 urte bitartekoena, hain zuzen. Ibilbide txikiari –Txermin auzoa inguratzen du– itzuli bat eman beharko diote. 10 eta 11 urteko haur alebinen txanda izango da ondoren, eta ibilbide berari bi itzuli eman beharko dizkiete.

Infantil eta kadeteak 16:28an irtengo dira. Infantilek itzuli bakarra egin beharko dute, 2,15 kilometroko ibilbide nagusian zehar. Txermin auzoari buelta eman beharko diote lehenik. Gero, Zubimuxu zubia pasa, eta Aurrera auzoa inguratuz, Sacemgo zubira iritsi eta Kale Berritik jaitsi beharko dute. Kadeteek, berriz, bi itzuli egin beharko dituzte.

16:30ean izango da proba nagusia, eta hiru itzuli egin beharko dituzte korrikalariek, 6,5 kilometro osatuz. Jubenilek eta beteranoek gauza bera egin beharko dute.

Dagoeneko izen-ematea zabaldu dute herrikrosa.eus atarian, eta inskripzioa doakoa izango da. Egunean bertan, 11:00etatik aurrera Zunbeltz elkartean ere izena eman ahal izango da. 2017ko edizioan 470 korrikalarik hartu zuten parte lasterketan.

Maila bakoitzeko lehen gizonezko eta emakumeek saria jasoko dute, eta proba nagusian bigarren egiten dutenek afari bat irabaziko dute. Horrez gain, 10 afari zozketatuko dituzte parte hartzaile guztien artean.

Lasterketak irauten duen bitartean, ordu batez gutxi gora behera, Villabonako Kale Nagusian eta Zizurkilgo Pasusenean trafikoa etengo dela ohartarazi dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!