Moda gehigarria

Kaori Faktoria. Moda jasangarria

Ataria 2018ko abenduaren 17a

Artisautzaren munduan murgildu dira Lurgi Zalakain eta Nahikari Iturbe. Afrikara bidaiatu eta estanpatutako tela koloretsuak ezagutu zituen Zalakainek eta «erakargarriak» egin zitzaizkion.

Estanpatu horiekin arropa eta osagarriak euren erara apaintzen dituztela dio Iturbek. Oraingoz Afrikako estanpatuak erabiltzen dituzte, baina ez dute baztertzen munduko beste leku batzuetako oihalak ere erabiltzea.

Proiektu berria da Kaori Faktoria. Irailean ireki zuten denda, Villabonan. Urteak pasa ahala, Zalakainek sentitzen zuen Kaorik “indarra behar zuela” eta horregatik erabaki zuten denda fisikoa irekitzea.

Nahikari Iturbek dio «naturan eta gizartean eragina ahalik eta baxuena izaten saiatzen» direla, izan ere, Kaoriko arropek ingurumena zaintzen dutela bermatzen duen zigilua daramate. Beraien helburua da joskintza-artisautza ezagutaraztea eta euren diseinuen prozesua Faktorian hasi eta bukatzen dela ziurtatzen dute.

Izan ere, Faktoriako langileen iritziz, gaur egun kontsumismoaren ondorioz, erosi, erabili eta bota egiten dugu, «nork, norentzat eta nola egiten den begiratu gabe». Jendeari erakutsi nahi diote beste era batera lan egin daitekeela, eta horrela «bizitza janzteko beste modu batzuk» ere badaudela. Horregatik, saiatu dira Kaorin hausnarketa egiten eta beste era bateko ekoizpena egiten, «kultura, jatorri, gorputz, hizkuntza eta genero aniztasuna» ardatz dutelarik.

Datuak

Helbidea: Kale Nagusia, 26, Villabona
Telefonoa: 943 539 652
Facebook: Kaori Faktoria
Instagram: kaori_faktoria
Webgunea: kaorifaktoria.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!