Errebote plazari buruzko erakusketa ikusgai

Ataria 2018ko abe. 7a, 13:27

Katea ez da eten. Distintas épocas, mismos usos erakusketa, abenduaren 15era arte izango da ikusgai Gurea aretoko erakusketa gelan.

12 panelez osatutako erakusketa pedagogikoa antolatu du udalak, azken asteetan hainbesteko interesa sortu duen Errebote plazaren birmoldaketa proiektuaren inguruko azalpenak emateko. Abenduaren 15era arte ikusgai izango da astelehenetik ostiralera arratsaldero, 18:00etatik 20:30era eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.

Maite Izagirre alkateak aipatu duenez, "erakusketan, momentu honetan plazak duen egoera islatzeaz gain, gobernu honek birmoldaketa egiteko dituen arrazoiak ematen dira. Bertan argi geratzen da, eremu publiko honi momentu honetan ematen zaizkion erabilera guztiak errespetatuko direla denbora guztian".

Panelek, aurrera eramango diren ekintza nagusiak erakusten dituzte, zoladuraren aldaketa, argiztapen eta elektrizitatearen hobekuntza, fatxadaren egokitzapena eta gaur egun Kale Nagusiko bistak eta argia mugatzen duen harri-horma eraistea adibidez. Aldi berean, plazaren ikuspuntu desberdinetatik proiektatutako bi infografia egin dira, obraren ondoren eremu honek izango duen itxura aurreikusteko.

Panel pedagogikoak

Alkateak dioenez, “panel hauek ez dituzte plazan egingo diren birmoldaketak bakarrik erakusten, eremu horren historiaren ikuspegi globala ere gehitzen du, 1812an armada frantsesak udaletxe zaharra suntsitu zuenetik gaur egun arte. Plano zaharrak erakusten dira eta eremu singular honen garapenerako Erreboteko jokoa erabakigarria zergatik izan den azaltzen du”. 

Gainera, Errebote jokoari lotuta egon diren pertsona famatuenen errepasoa egiten du, Pedro Yarza Villabonako Besamotza, Hegoaldeko Errebote txapelketari izena eman dion Enrique Abril, eta modalitatearen sustatzailea izan zen Teodoro Hernandorena adibidez. 1948. urtetik udalerri zein eskualdean pilotaren jokoaren sustatzaile izan den Behar Zana Elkarteak ere leku nabarmena du erakusketan.

Etorkizuna irudikatzeko argazki zaharrak

“Erabilera anitzak eman zaizkion Errebote plazaren inguruan existitzen diren argazki guztiekin harrituta geldituko dira bertaratzen diren amasar eta billabonatarrak. Gaur egun arte gure herriko biztanle izan diren belaunaldi guztien topaketarako eremua izan da. Errebote zein futboleko partiduak, dantzak, festak, danborradak, prozesioak… antolatu dira bertan. Topaketarako tokia, amasar eta billabonatarren bizikidetza nukleoa eta bizitzeko eta bizipenak sortzeko tokia izan da beti, eta hemendik aurrera ere, horrela izaten jarraituko du”, azaldu du Izagirrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!