«Ahal genuen guztia eman nahi genuen txapelketan; ikusi da horrela izan zela»

Imanol Garcia Landa 2018ko abe. 7a, 13:00

Ane Etxezarreta eta Sara Iriarte, Euskal Herriko txapelarekin. IBON ERRAZU

Sara Iriarte pandero jotzaileak (Villabona, 2001) Ane Etxezarreta trikiti jotzaile olaberritarrarekin batera Zaldibarren egiten den Euskal Herriko Trikitilari Gazteen XXVII. Txapelketa irabazi berri du. Bikote moduan urte eta erdi daramate, eta aurretik Getariako, Okondoko eta Lazkaoko txapelketak irabazi dituzte.

Zer suposatu du zuretzat Zaldibarren txapela janzteak?

Amets bat izan da. Inoiz espero ez nuena. Beti ikusten nituen Youtubetik-eta aurreko txapeldunak, eta zer sentituko ote zuten txapela gainean jarrita pentsatzen nuen. Eta gero ni ikustea txapela hori buruan dudala poztasun handia da. Trikitilari gazteen artean txapelketa garrantzitsuena da, eta denok iritsi nahi izaten dugu horra.

Ane Etxezarretarekin irabazi duzu txapela. Berriro ere aurkeztuko zarete hurrengo urtean?

Izandako esperientziarengatik eta biok elkarrekin gustura gaudela ikusita, nik behintzat nahiko nuke. Esperientzia polita izan da, oso ondo pasa dugu eta gainera txapelarekin itzuli gara.

Ikusten zenuten irabazteko aukerak zenituztela?

Joan aurretik bagenekien zeinek hartuko zuten parte, eta batzuk sekulako eskarmentua zutela txapelketa horretan. Ane eta ni pixka bat txikiak sentitzen ginen, aurreneko aldia baitzen bertara joaten ginela. Urduritasun handia genuen. Ahal genuen guztia eman nahi genuen, eta azkenean ikusi da horrela izan zela irabazi egin genuelako. Baina ez genuen espero.

Nola bizitu zenuten txapelketa bera?

Jotzen genuenean atzean pantaila bat zegoen puntuazioa erakusten zuena. Gu laugarrenak ginen jotzen eta ikusten genuen beste guztiak 21 edo 22 puntu jasotzen zituztela, eta guk 24 eta 25 puntu eskuratzen genituela. Azkenean guretzako sekulako poza izan zen, eta gure buruari esaten genion ea zer ari zen gertatzen. Publikoa txaloka aritzen zen eta pozik sentitzen ginen hurrengoek ez zigutelako pasatzen. Ia sinistu ezinik aritu ginen.

Beraz, puntuak jaso ahala ikusten zenuten lehen postuan mantentzen zinetela. Ez zineten urduriago jartzen?

Nik uste dut lasaitu egin ginela. Gaizki jotzen bagenuen pentsatuko genuen hobeto jo beharko genuela hurrengoan, eta ondo aritzeak lasaitasuna eman zigun.

Nola elkartu zinen Etxezarretarekin?

Kasualitatea izan zen. Nire irakaslea Kristina Solano da, eta Villabonan ikasten nuen. Kristina Aneren irakaslearen irakaslea izan zen. Anek beste pandero jotzaile bat zuen aurretik, baina utzi egin zuen, eta Kristinari komentatu zioten ea norbait zuen. Kristinak beste bati esan zion, baina ezin izan zuen azken unean, eta ni joan nintzen. Gogoan dut Kristinarekin kotxean trikitiko ahotsak ikasten eta prestatzen, Anerekin entsegura joateko. Orain dela urte eta erdi ezagutu ginen, eta txapelketaz txapelketa ibili gara, gustura, eta azkenean sekulako lagunak egin gara.

Bion arteko elkar ulertze berezia izan beharko duzue.

Aurrekoan Ane eta biok hitz egiten egon ginen, eta bikotearekin harreman ona izatea beharrezkoa dela esaten genuen. Oholtza gainera igo behar duzunean, poztasuna erakutsi behar duzu, bion arteko harreman ona, eta guri oso erraza egiten zaigu hori.

Panderoak trikitiaren atzetik joan behar du edo alderantziz izaten da?

Niri Aneren trikitiak agintzen dit. Nahiago dut atzetik joan, aurretik baino.

Ze asmo duzue aurrera begira?

Jarraitzeko asmotan gabiltza, gustura gaudelako. Ikasketekin jarraituko dugu, eta ikusita trikitiarekin eta panderoarekin ze gustura pasatzen dugun oholtza gainean eta behean ere bai, jarraitzeko asmoa dugu.

Erromerietan-eta aritzen zarete?

Ez asko. Kalejiraren bat jotzeko eskatzen digute, eta uda honetan ezkontza batean izan ginen. Geroz eta erromeri eta kalejira gutxiago daude.

Noiztik zabiltza panderoarekin?

Leire lehengusuak trikitia jotzen zuen eta Maria lehengusuak panderoa, eta nire ahizpa trikitia ikasten hasi zen. Ikusten nien eta nik beraiek bezala izan nahi nuen. Txikitako argazkiak ditut plater bat jotzen panderoa izango balitz bezala eta kantatzen. Amak ikusi zuen musika gustatzen zitzaidala eta agertoki batera igotzeko gogoa nuela, eta solfeoa-eta ikastera apuntatu zidan. Panderoa oparitu zidaten eta horretaz gain klarinetea ikasi nuen bederatzi urtez. Kantua ere ikasten aritu nintzen. Egun pianoa ikasten ari naiz, eta panderoarekin jarraitzen dut.

Trikitiaren ondoan, bigarren plano batean geratzen da panderoa?

Nik ikusi izan dut trikitia gehiago hartzen dela kontuan panderoa baino. Gehiago entzuten da ze ondo jo duzu trikitia eta gutxiago ze ondo jo duzu panderoa.

Baina, noski, panderoak ere bere garrantzia du.

Zaldibarko txapelketaren ondoren Asier Gozategik esan zigun trikitilari on bat ez dela ezer pandero jotzaile txar batekin, eta pandero jotzaile on bat ez dela ezer trikitilari txar batekin; biak onak izan behar dutela. Anek eta nik beti izan dugu idolo bezala Asier Gozategi. Beti entzun ditugu beraien diskoak, eta orain berak hori esatea, gainera hunkituta, poztu egiten du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!