Pilotazaleek izugarri gozatuko dute aurten Pebetekin

Asier Imaz 2018ko abe. 5a, 11:20

Joan den urteko irabazleak

Behar Zanak punta-puntako nagusien mailako pilotariak elkartuko ditu VII. Antton Pebet Esku Pilota Txapelketan. Gaur jokatuko dira txapelketako lehen partidak.

Villabonan ariko diren pilotari batzuk profesionaletara jauzia egitear daude; beste batzuk afizionatu mailan dena irabazia dute, eta azkenik, bada oraindik ezkutuan dagoen harribitxiren bat. Guzti horiek hartuko dute parte VII. Antton Pebet Txapelketan. «Afizionatu mailan, Euskal Herriko pilotari onenak ekarriko ditugu», dio Iñaki Lizasok. Nahiz eta bera izan lehenengoa Ioritz Egiguren bezalako pilotari baten hutsunea onartzen duena.

Behar Zanak antolatzen duen binakako esku pilota txapelketa gaur hasiko da, 19:00etan Bearzana pilotalekuan. «Bi aurre kanporaketa moduko jarri ditugu, eta partida oso ikusgarriak geratu dira», onartzen du Lizaso Behar Zanako kideak.

Pilotazaleen gozamena gaur bertan hasiko da, beraz. Lehen partidako osagaiak Zubiria artista berrobitarra, Eneko Maiz munduko trinketeko azpitxapelduna eta Behar Zanako pilotaria, Zezeagaren kolpea bortitza eta Aldaveren sendotasuna izango dira.

Bigarren partida ez da atzean geratzen. Salaberriarekin Mariezkurrena zen jokatzekoa, baina eskuetako minez, Artolarekin jokatzen ari den Jon Mariezkurrenaren anaiak ez du Pebeten parte hartuko, hasiera batean. Behar Zanakoek bere ordez Balerdi aukeratu dute. Iñaki Lizasori lerdea erortzen zaio azken honetaz hitz egiten duenean: «Ezkutuan dagoen pilotaria da. Ez du jende askok ezagutzen, baina harribitxi bat da. Gipuzkoako Txapelketaren finala Peru Labaka eta Bikuñaren aurka jokatu zuen, Atxotegi aurrean zuela. Ez da ahaztu behar Bikuña atzelaria Asperekin debutatzera doala. Bada, Balerdik izugarrizko erakustaldia eman zuen eta txapela irabazi zuten. Niretzat atzelari onenetakoa da».

Aurkariak Arrieta, azken urteetako afizionatu mailan aurrelari onenetakoa, eta Esnaola txaramarra izango dira. Azken hau Behar Zanako pilotaria da eta bere maila erakusteko aukera izango du punta-puntako aurkarien aurrean.

Txapelketa osoan bezala, gaur ere sarrera doakoa izango da. «Aurre kanporaketa izan arren, txapela irabazteko moduko bikoteak daude asteazkeneko partidetan», amaitzen du Lizasok lehen eguneko errepasoarekin.

Bi irabazleek final-laurdenetarako jauzia emango dute, eta hor, beste sei bikoteak sartuko dira lehian. Horien artean ez dago faborito garbirik, bikote guztiek dute txapela irabazteko aukera. Aipatzekotan, agian, Albizturko bi pilotariek osatzen dutena izango da. Ez besteak baino gehiago edo gutxiago direlako, afizionatu mailan bikote esanguratsuenetakoa osatu izan dutelako Eneko Labakak eta Xabi Telletxeak.

FINALA, IKUSKIZUN HANDIA

Txapelketa nork irabaziko duen abenduaren 29an jakingo da. Azken partida horren aitzakian, ordea, jaialdi ikusgarria antolatu dute egun horretan Behar Zanakoek. Hasteko, munduko lau pilotari onenak ariko dira lehian, joko garbian. Iazko ikuskizuna paregabea izan zen, gogoratzeko horietakoa, eta aurten errebantxa jokatuko da. Driolet eta De Paredesek Sistiague eta Carricaburu gainditu nahiko dituzte, beraz. Guztiz partida gomendagarria.

Ondoren emakumeen arteko partida ikusteko aukera egongo da. Hemen ere puntako pilotariak elkartu dituzte, eta takoekin ariko dira gainera: Miren Larrarte bidaniarra, Arrillaga aginarra, Arrizabalaga gernikarra eta Naroa Mendizabal andoaindarra.

Jaialdiko azken partida izango da VII. Antton Pebeten omenezkoaren finala.

Behar Zanatik eskualdeko eta inguruko pilotazaleak gonbidatu dituzte harmailetara, damutuko ez direlakoan.

EGUTEGI OSOA

Final-zortzirenak
Gaur, abenduak 5, 19:00etan

(1) - Zubiria-Aldave/Maiz-Zezeaga.
(2) - Salaberria-Balerdi/ Arrieta-Esnaola.

Final-laurdenak
Abenduak 14, ostirala, 19:00etan

- Urbieta-Bikuña/ (1)
- Eneko Labaka-Telletxea/(2)

Abenduak 15, larunbata, 11:00etan

- Santxo-Lizeaga/Exposito- Alduntzin.
- Peru Labaka-Elizegi/Apezetxea-Murgiondo.

Finalerdiak
Abenduak 23, igandea, 11:00etan

Finala
Abenduak 29, larunbata, 17:30ean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!