Madrilen lanean aritu eta gero, Ander Ortiz de Muruak duela urtebete inguru zabaldu zuen Anders Gallery estudioa, Villabonako Errota kalean. Hasiera-hasieratik betea izan dute agenda, eta Ortiz de Muruak argi dauka arrazoietako bat: «Tatuajeena ez da moda bat; jendearen kulturan dagoen zerbait da».
Tatuaje errealistak eta linealak dira bere berezitasuna, baina leihoa zabalik izan ohi du, bezeroen proposamenak onartzeko. Horrela, formakuntzaren bitartez trebatuz, hainbat estilo ezagutu ditu urteotan: «Japoniarra, erralista, ilustratiboa, lineala, geometrikoa, koloreduna, poltras polka estilo alemaniarra, old school, new school, traditional, maoria...».
Estilo bakoitzak teknika bat eskatzen du eta, horrenbestez, orratz bat. Ortiz de Muruak aitortzen du orratzaren eta lekuaren arabera mina alda daitekeela, baina, hala ere, argi dauka «mina ezin dela neurtu»; pertsonaren araberakoa dela. Gainera, azken hamar urteotan tatuajeen munduko teknologia asko garatu da, bere iritziz.
Bizipenen mapa
Azala berez da bizipenen mapa, eta tatuajeek istorio eta momentuak gehitzen dizkiote norbere bizitzaren errepaso horri. Horrela, Anders Galleryk tatuaje pertsonalizatuetan jartzen du erdigunea: «Tatuajeak norbere bizitzako zerbait nonbait idatzita edo marraztuta uztea dira eta, beraz, jendea bere historia kontatzera etortzen da gugana. Psikologo lanak ere egin behar izaten ditugu, bai».
Bide horretan, seme-alaben izenak, falta diren pertsonen izenak nahiz epealdi txar bat gainditu izana arrazoi ohikoenak izaten dira, tatuaje bat egiteko: «Askotan pentsatzen dut bezeroen istorioek ez nautela gehiago harrituko, baina bai, beti iristen da kontakizun harrigarriren bat».
Artista baten unibertsoa
Sartu orduko konturatzen da bezeroa: Anders Gallery estudio berezi bat da. «Zergatik? Ni tatuatzailea naiz, baina beste diziplina batzuetan ere aritzen naiz, eta erakusketak antolatzen ditut. Betidanik argi izan dut nire estudioa arte multzo bat izango zela, eta ez, bakarrik, tatuajeak egiteko gune bat».
Horrela, artelanez betetako hormak Ander Ortiz de Muruaren unibertsoaren zati bat baino ez dira; 8 urterekin hasi zen margotzen, eta hainbat material eta estilotan aritu izan da. Bertan dauden obrak bilduma pribatuak dira, baina enkarguz ere sortu ohi ditu antzeko lanak: «Artista emozionaltzat dut neure burua, eta gorputzak eskatzen didana sortzen dut».
Datozen hilabeteotan errealismoaren itsasora murgil egingo du, bere lana espezializatuz eta beste zenbait estudiorekin elkarlanak sortuz: «Baina hemen jarraituko dugu, Anders Galleryn».
Datuak
Helbidea: Errota Kalea 3, Villabona
Telefonoa: 635 75 83 87
Facebook: Anders Gallery
Instagram: anders_gallery