Gutun bidezko lekukotzak

Jon Miranda Labaien 2018ko azaroaren 29a

Villabonako Subijana etxean aurkeztu dute Cartas con remite de mujer y silencios de hombre izeneko liburua, Agurtzane Estradak eta Iñaki Urdangarin billabonatarrak idatzia eta indarkeria sexista hizpide duena.

40 gutun baino gehiago jaso dituzte liburuan eta Urdangarinek aipatu duenez, "egiazko istorio gogor eta sakonak dira. Ez dira telebista eta irratietan agertzen diren kasu mediatikoak eta lekukotza eman duten pertsona hauek isilean gorde dute orain arte". Agurtzane Estradaren gonbita jarraituz parte hartu du liburuan billabonatarrak: "Ezaguna nuen gaia, noski, baina tematika berria zen niretzat eta gutun hauek irakurrita nahikoa jota geratzen zara".

Cartas con remite de mujer y silencios de hombre izena du liburuak eta gutun bidezko lekukotzak osatzeko ardura izan du Urdangarinek, izenburuaren bigarren parteak aditzera ematen duenez: "Lan honekin konturatu gara gizonezko asko ere biktima direla. Botere gehiegikeriarena egiazko arazoa da gure jendartean eta denok ukitzen gaitu, bai emakumezkoak eta baita gizonezkoak ere. Gure ingurune gertukoenean, oso barneratuta dagoen kontua da".

Indarkeria jasan duten pertsonen barruan eragiten den mina du hizpide liburuak, "min fisikoa baino gehiago bihotzean, ariman, sortzen diren hutsuneak dira okerrenak". Hala ere, lekukotza eman duten pertsonek zulo horretatik ateratzeko duten kemena azpimarratu dute egileek. Liburuan, gainera, Teresa Ahedo pintorearen lanak jaso dituzte. Ni una más bilduman indarkeria matxista landu du Karrantzako artistak eta margo horietako batzuk ekarri dituzte liburura.

Urdangarin billabonatarra da eta herrian bertan aurkeztu nahi izan zuen liburua asteazkenean, Subijana etxean. Eresargi abesbatzako kideek ere parte hartu zuten ekimenean eta Hodei Iparragirrek ere, aurkezpenak iraun zuen bitartean margolan bat egin zuen zuzenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!