'Mujeres en construccion' dokumentala emango dute Gurea aretoan

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 28a, 16:14

Ostiralean, 19:00etan, dokumentala proiektatuko da, eta ondoren, Begoña Atin zuzendari kideak eta Dori Monasterio ETAren biktimak zineforumean parte hartuko dute.

Amasa-Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza Batzordeak (EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko talde politikoek osatzen dutena), antolatu du zineforum saioa, legealdi honetan hasiera eman zitzaion giza eskubideekiko aintzatespen eta errespetuaren aldeko lanarekin jarraituz.

Zehatz azalduta, terrorismo eta indarkeria politikoaren biktima izan ziren 11 emakumeen lekukotzak jasotzen dituen eta 2009an Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zen Mujeres en construcción filma proiektatuko da. Filmaren zuzendarietako batek, Begoña Atinek, eta ETAk hildako lehen zibilaren alaba den eta filmean bere bizipena kontatzen duen, Dori Monasteriorekin solasaldia izango da proiekzioa amaitu eta gero.

EITBk eta Televisió de Catalunyak elkarlanean ekoiztu eta Begoña Atin eta Maite Ibañezek zuzendu zuten Mujeres en construcción dokumentalak, atentatu terrorista bat jasan duten 11 emakumeren berreraikitze pertsonala erakusten du. 52 minutuko iraupena du eta ETAko zein Espainiako eskuin muturreko biktimen lekukotzak biltzen ditu. Emanaldiaren ondoren, gerturatzen diren herritarren galdera zein hausnarketei erantzungo diete Begoña Atinek eta Dori Monasteriok.

Amasa-Villabonako Udaletik, doako ekitaldi honetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte herritar guztiak, bakearen kultura baten balioetan oinarrituta, "indarkeriarik gabeko orainaldiko eta etorkizuneko gizarte batekiko konpromisoa indartzen lagunduko duelako".

Bestalde, abenduaren 14an egingo dute hurrengo hitzordua, ordu eta leku berean, baina kasu honetan Glencree dokumentala proiektatuko da eta hitzordu honetan ere beste bi gonbidatu izango dira gaiari buruz hitz egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!