Arrakala alderdien artean, baita politika feministei dagokionean ere

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 26a, 20:46

Indarkeri Matxistaren Aurkako Nazioarteko egunaren harira, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak astelehenean. EH Bilduk aurkeztutako adierazpenaren aurka bozkatu zuten, ordea, udal gobernuko kideek eta zinegotzi sozialistak. Lurgatz talde feministako kideak ere osoko bilkuran izan ziren, eta haserre alde egin zuten. 

Kontsentsu eta adostasun politikorako gaia izan ohi da feminismoa erakundeetan, Amasa-Villabonako Udalean izan ezik. Lurgatz talde feministak herriko espazio bat erabiltzeko eskaera egina dio udalari, baina oraingoz, ez du erantzun positiborik izan. "Ezertan hasterako elkarte bezala eratu eta gure IFK aurkezteko eskatu zeniguten, orain estatutuak aurkezteko esan diguzue. Noiz bukatuko dira eskakizunak? Eskaera gehiago egingo diguzuen jakin nahi dugu", esan zuen talde feministako kide batek asteleheneko ohiko osoko bilkuran, galdera eta erreguen txandan. 

Martxoaren 8aren harira, herriko hainbat emakumek bat egin zuten eta Lurgatz taldearen inguruan antolatu ziren. Hilabete hauetan, jatorri, adin eta kondizio ezberdinetako emakumeek lanketa ezberdinak burutu dituzte; azkeneko ekitaldiak azaroaren 25aren bueltan antolatutakoak izan dira. Daramaten dinamikari egin zioten erreferentzia, atzo, feministek: "Asko eman dugula iruditzen zaigu. Lanean gabiltza, proposamenak mahai gainean jartzen ari gara, baina bueltan ez dugu ezer jasotzen. Jakin nahi genuke noiz egingo dituzuen ekarpenak?". 

Udal gobernu taldeko Eneko Urdangarin zinegotziak erantzun zien Lurgatz taldeko kideei eta azken asteetan korreo elektroniko bidez elkarrekin izan duten komunikazioaren berri eman zuen. EAJko kideak emandako azalpenekin gustura ez, talde feministako kideek, "gezurretan" aritzea egotzi zioten Urdangarini eta aretoa uztea erabaki zuten. 

EH Bilduko zinegotziek Lurgatz taldekoek duten haserrea "ulergarria" dela aipatu zuten, "aspalditik datorrela" eta koalizioko Arantxa Lopezen esanetan, "talde feministarekin harremanak etenez gero denok galtzen dugu, nik uste, orain udal ordezkarioi dagokigula ahalegina egitea". Xabat Labordek ere, norabide berean hitz egin zuen, esanez talde feministarekin harreman adeitsuak eduki beharrean, udal gobernuak "talante gutxi" erakutsi duela eta "jarrera prepotenteaz" jokatu duela Lurgatzekin. Hortik aurrera, eztabaida berotu egin zen EAJ eta EH Bilduren artean. Urdangarinek, EH Bilduren bi aurpegiak aipatu zituen: "Lopezek elkarlanerako bidea eskaintzen digu eta atzetik Laborde dator, suari gasolina botatzera, batere lotsarik gabe". Haserre, bilkura utzi eta aretotik alde egin zuen Labordek. 

Bi mozio, adostasunik ez

Astelehenean EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako adierazpen instituzionala aho batez onartu zuen udalbatzak, EH Bilduk alde bozkatu ondoren. Konpromiso ugari hartu ditu Amasa-Villabonako Udalak. Besteak beste, indarkeria matxista jasan duten emakumeei, bere onera etor daitezen, zerbitzuak hobetzen laguntzeko konpromisoa hartu du udalak. Laguntza zerbitzuetatik hasi eta beraien errelatoa sortzeraino, emakumeen ondoan egongo da Amasa-Villabonako Udala eta bizirik atera diren emakumeak entzungo ditu, prebentzio eta segurtasun neurriak diseinatzerakoan. Biktimen salaketa eta prozesuetan laguntza emango du udalak eta aitorpen publikoa egingo die, erreparazio ekitaldiak antolatuta, indibidualak zein kolektiboak. Adituekin, Emakume biktimen kolektiboekin eta mugimendu feministako ordezkariekin elkarlanean arituko dela ere hitz eman du Villabonako Udalak, nahiz eta bilkurara gerturatutako Lurgatz taldeko emakumeek salatu zuten, mozio honen berri ez zutela aldez aurretik jaso. 

EH Bilduk, bere adierazpen propioa aurkeztu zuen asteleheneko bilkuran, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako "osatzera" zetorrena. Leire Olasagasti zinegotziak azaldu zituen koalizioak bere adierazpenean txertatu dituen puntu garrantzitsuenak: "Villabonako Udalean berdintasun sail bat eta teknikari bat beharrezkoak direla uste dugu; Foru Aldundian lantzen ari den indarkeri matxistaren aurkako protokoloaz harago, herrian bertako eragileekin beste bat landu beharko litzatekeela uste dugu; Eta arlo honetan lanean ari diren elkarteei herrian espazio fisiko bat bermatu behar zaiela iruditzen zaigu". 

EAJko Urdangarinek aipatu zuen, Tolosaldea Garatzenen mankomunatutako berdintasun zerbitzu bat eskaintzeko aukera aztertzen ari direla eta "zentzugabea" litzatekeela lanketa hori Villabonak bakarrik bere aldetik egitea. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundian lantzen ari diren protokola bukatuta dagoenean, herrira ekarri eta herriko elkarteekin partekatu eta ekarpenak jasotzeko prestutasuna agertu zuen zinegotzi jeltzaleak. Amaitzeko, Lurgatz talde feministarengana lerratzeko joera egotzi zion Urdangarinek koalizio abertzaleari: "Arlo horretan lanean ari diren talde gehiago badaude eta beste gai batzuetan hain erraz aldarrikatzen duzuen zeharkakotasuna beharrezkoa da baita gai honetan ere". Ikastetxeekin edota kale hezitzaileekin egiten diren lana nabarmendu zuen udal gobernu taldeko kideak. 

Aipatutako arrazoi horiengatik guztiengatik, EAJko zinegotziek eta Arija sozialistak, EH Bilduk aurkeztutako adierazpenaren aurka bozkatzea erabaki zuten. "Zenbait puntutan erabat ados ez bazaudete, ulertuko nuke abstentziora jotzea, baina zaila egiten zait entenditzea indarkeri matxistaz ari den testu bati kontrako bozka ematea", esan zuen eztabaida amaitzeko EH Bilduko Olasagastik.

Adostasuna beste gaietan

Ohiko osoko bilkuran landutako beste hainbat puntu aho batez onartu zituzten zinegotziek. Tokiko Agenda 21eko 2018-2025 Ekintza Plana onetsi eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren testu batuaren dokumentazio osagarria onartu zuten. Bide batez, euskararen erabilera normalizatzeko VI. plangintzari oniritzia eman zioten zinegotziek eta martxan jarriko dute 2018tik 2022ra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!