Amaia Agirre herriko bertsolariak hartu du parte ekimenaren amaieran. Gaur abiatu den Euskaraldiaren inguruko bertsoak bota ditu aurrena eta ondoren, indarkeri matxistaz aritu da. Azkeneko bertsoan horrela kantatu du Agirrek: "Ez beti da ez, nahiz ta askotan / ez onartu erantzuna / zerbait lortzeko, ezinbesteko / da denon elkartasuna / ez ikusia egiteari / jarri betoa, isuna / hau ez da soilik neskon borroka / denok dugu eginkizuna. / Beraz izan nortasuna / propietatea eta jabetu / nahia ez da maitasuna / gora emakume kolore anitzak ta gora berdintasuna".
Malkar plazan elkartu dira eragile guztiak 11:30ean eta azkeneko hilabeteotan ehundu dituzten matazak eskuan hartuta egin dute Kale Berritik Iru Aldetara bitarteko bidea eta Kale Nagusitik bueltan Errebote plazan bukatu dute ibilbidea. Udaletxeko balkoitik zintzilikatu dituzte matazak, indarkeri sexistaren aurkako aldarri koloretsua osatuz. Bertso jarduna amaitu ondoren, matazei agurra dantzatu diete dantzariek eta ekimenean parte hartu duten ikastetxeei zapi bana jarri diete udal ordezkariek. Amaitzeko argazki jendetsua atera dute udaletxe parean.