Errebote plazako proiekturako ekarpenak egiteko aukera

Ataria 2018ko azaroaren 23a

Abenduaren 1a da ekarpenak egiteko azkeneko eguna, ekarpenak@villabona.eus helbidean.

Pasa den azaroaren 14an ospatutako Herritarren Partaidetza Batzordean, Errebote plazaren birmoldaketa proiektuaren zehaztasunen inguruan eztabaidatu zen. Bilera horretara, batzordera deituta zeuden ordezkari politikoez gain, gizarte, kirol eta ekonomia eragileak agertu ziren. Ohar batean udalak aipatu duenez, "bertan, argi gelditu zen, eremu publiko bakar honen erabilera guztiak erabat bermatuta zeudela, eta gainera, inongo talde politiko zein gizarte eragilek ez zuen proiektua gelditzeko proposamenik egin".

Aipatutako bileran edukitako eztabaidaren koherentziarekin jarraituz, udalak, abenduaren 1era arteko epea ireki du, edozein pertsona edo elkartek lizitatutako proiektuaren inguruko ekarpenak egin ditzan.

Proiektua aberasten lagundu nahiko luketen amasar eta billabonatarrek, beraien ekarpenak aurkezteko aukera izango dute beraien datuekin (izen eta abizenak, NAN zenbakia eta helbidea) identifikatuz eta ekarpena behar bezala justifikatuz.

Proposamenak, ekarpenak@villabona.eus helbidera bideratu beharko dira abenduaren 1eko, 23:59ak arte.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!