Ander Ortiz de Murua, iluntasunetik argitasunera, begirada bidez

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko aza. 23a, 10:08

Ander Ortiz de Muruak 'Metamorfosis' performancea eskainiz inauguratu zuen Aldaket-Art erakusketa aurreko ostiralean eta azaroaren 30era arte ikusi ahal izango da ondu duen bilduma, Gurea erakusketa gelan

Bere aita zena oso presente dago erakusketan. Bererakin egin zuen azken artelana jaso du bilduman eta erakusketa gelan arreta gehien ematen duen lana aita gogoan zuela egin zuen. Gorila bat bere kumea besarkatzen ari dela ageri da koadroan eta Azken besarkada izenburua jarri dio. «Aitaren gaixotasunaren prozesutik ateratzeko beharretik sortu dira lan hauetako gehienak», esan du Ortiz de Muruak.

Barruan duena ateratzeko beharretik sortzen du artista billabonatarrak eta «garai iluna» deitu dion aroko artelanetan, nagusiki, animaliak baliatu ditu. «Edo zehatzago esanda, animalien begiradetan islatu dut nik momentu bakoitzean sentitu dudana». Azkeneko urtebete pasatxoan egindako lanak dira, boligrafoz, paper edo egur gainean. Enkarguz egindako zenbait lan jaso ditu bilduman eta erakusketa honekin, aldi bat amaitutzat emango du Ortiz de Muruak. Hori adierazi nahi izan zuen aurreko ostiraleko Metamorfosis izeneko performancean: «Itzalean dagoen pertsona batean bizitza irudikatu nahi izan nuen, argitara eta koloretara etortzen dena, prozesu konplikatu baten ondoren». Soka eta pintura nahastu zituen emanaldian eta emaitza «indartsua» izan zela esan dute bertaratutakoek, «hunkigarria». Zuzeneko musikaz lagunduta aritu zen eta amaieran, zazpi minututan, pintura akrilikoz egindako koadroa osatu zuen, erakusketaren sarreran ikusgai jarri duena. «Nire bizitzan aldaketa bat behar nuen eta hori zuzenean eskaini nahi nuen jendaurrean». Hortik erakusketari jarri dion izenburua: Aldaket-Art.

Ortiz de Muruak, Victor Hugoren zita bati egin dio erreferentzia erakusketan honetan: «Gaurik beltzena ere, eguzkia irteten denean amaitzen da». Eta argitasuna ere sumatzen da bilduma honetan erakutsitako zenbait artelanetan. Gyotaku estanpaziorako teknika japoniarra erabilita egindakoak dira. «Duela lau bat hilabete hasi nintzen teknika lantzen eta oso gustura nago», esan du artistak. Japoniako arrantzaleek arraina saltzerakoan oihaletan egiten zituzten estanpazioetan oinarritutako teknika da, gaur egun artista askok erabiltzen dutena. Prozesu naturala errespetatzean dago gakoa, arrainaren morfologia aldatu gabe eta pintura naturala erabilita paperean estanpatu behar da irudia. Horretarako arrozezko eta zuntzezko papera erabiltzen du Ortiz de Muruak eta behin papereratuta, teknika honen arabera, artistak begiari bakarrik eman diezaioke azken ukitua. Berriz ere begirada: «Horrek erakarri ninduen teknika honetara, begiradak eta begiak asko gustatzen baitzaizkit; hortik jotzen dut, eta bilduma honi batasuna ere horrek ematen dio».

Teknika berria probatuz, aldi berriari ekingo dio Villabonako artistak, «beste erritmo batean», aitortu duenez. «Sortzeari ezin diot utzi, ezin dut sortu gabe egon». Tatuatzailea ere bada Ortiz de Murua eta bere estudioko lanarekin tartekatzen du bere lan artistikoa. Bien bitartean, mimo handiz prestatu duen erakusketa ikusteko aukera izango da Gurea erakusketa gelan, datorren azaroaren 30era bitartean. «Nire aitak hona ekartzen ninduen txikitan erakusketak ikustera eta nik ere gomendio hori egingo nieke familiei, etorri daitezela elkarrekin eta ikus ditzatela hemengo lanak». Arratsaldero 18:00etatik 20:30era dago ikusgai, eta larunbatetan, berriz, 11:30etik 14:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!