«Analfabetismoaren inguruan eztabaida da sustatu nahi duguna»

Jon Miranda Labaien 2018ko aza. 21a, 08:00

Villabonako Iratzar elkarteak gonbidatuta, La Guerrilla Comunicacional kolektiboak analfabetismoaren inguruan ekoitzitako 'Leo a la vida' dokumentala eskainiko dute gaur, 20:00etan, Subijana etxean.

Aurretik, 2015ean, Lolo Rico: La mirada no inventada filma zuzendu zuen Julio Suarezek (Girona, Katalunia, 1967) eta iaz estreinatu zuen Leo a la vida dokumentala. Bi urtetik gorako lana izan da filma osatzearena, eta besteak beste, Kuba, Venezuela, Haiti eta Katalunian grabatutakoa da.

Noiz eta non estreinatu zenuten film dokumentala?

Iazko abenduan, Habanako 39. Nuevo Cine Latinoamericano zinemaldian estreinatu genuen eta arrakasta handia izan zuen. Ordutik zinemaldietan ibilbidea egin du, besteak beste, Leongo Erresumako bosgarren zine eta telebista jaialdian parte hartzeko hots egin ziguten eta Lugoko 40. Autore Zinearen Astera ere eraman genuen filma. Irailean beste zirkuitu bat abiatu genuen eta ordutik aurkezpenak egiten ari gara herriz herri.

Orain arte zein ibilbide egin du eta zer-nolako harrera izan du jendartean?

Dokumentala ez da ohikoa, ez da komertziala. Ez da areto komertzialetan eskaintzeko pelikula. Lan analitikoa da eta filmak ikuslea interpelatu egiten du. Analfabetismoaren gaia jartzen dugu mahai gainean eta eztabaida da sustatu nahi duguna. Eraman dugun tokietan jendeak harrera ona egin dio. Hasieran oso isilik geratzen da publikoa, hainbeste informazio ematen du dokumentalak ezin asimilatu geratzen dela jendea. Baina gero, eztabaida hasten denean, jendea berehala berotzen da. Oso gustura hartzen dute. Gaur, adibidez, nirekin batera Sebas Parra gidoilaria izango da Villabonan.

Leonela Relys pedagogo kubatarraren irudian oinarritu duzue filma. Noiz izan zenuten zuek emakume horren berri?

Duela urte batzuk dokumental bat egin genuen Nikaraguan 2005 eta 2006 urteetan egin zen alfabetizazio kanpainari buruz. Haiek esan ziguten, Kubatik metodo berri bat jaso zutela, ordura arte eurek erabiltzen zutena baino azkarragoa eta, gainera, bertako jatorrizko hizkuntzetara eta kulturetara moldatzen zena. Orduan entzun genuen Leonela Relysen izena lehen aldiz. Kubara egindako bidaia batean, elkar ezagutzeko aukera izan genuen eta oso ondo moldatu ginen berekin, 2015ean hil zen arte. La Guerrilla Comunicacional kolektiboan, hilabetean behin egiten dugun elkarrizketa nagusia berari eskaini genion, eta solasaldi hori da, hain zuzen, Leo a la vida filmaren oinarrian dagoena.

Zein bereizgarri du Leonela Relysek bultzatutako alfabetatze metodoak?

Azkartasuna. Beste metodoekin alderatuta, zortzi edo bederatzi asteetan pertsona batek irakurtzen eta idazten ikasi dezake, arratsaldero bi orduko eskolak jasota. Relysek Yo Sí Puedo izena jarri zion metodoari. Horretarako, zenbakiak lotu zituen hizkiekin, zenbakiak baitira, azken batean, analfabetoak diren pertsonek ezagutzen dituztenak. Hori osatzeko, ikus-entzunezko materiala ere erabiltzen du metodo horrek. Serie moduko baten bitartez ematen dira alfabetatze saioak.

Metodoak arrakasta izan du gainera. Unescok ere aitortu zion Rellysi egindako lana.

Orain arte, metodo honekin, 22 milioi pertsona baino gehiago alfabetatu dira. Batez ere, azpigaratutako herrialdeetan edo zonaldeetan erabili dute metodoa eta gobernuen babesa izan dute aplikatzeko. Latinoamerikan onarpen handia izan du, baina baita ere garatutako herrialdeetan. Espainian, adibidez, Sevillako 3.000 viviendas izeneko auzoan erabili izan dute. Metodo didaktiko honek Unescoren Rey Sejong saria jaso zuen 2006an.

Analfabetismoak aipatzen dituzue lan honetan. Zergatik pluralean?

Leonela Relysek aplikatu duen alfabetatzeko metodoari segika, munduan ematen diren beste analfabetismo batzuetara bideratu nahi izan dugu dokumentala. Irakurtzen eta idazten ez jakitea da analfabetismo konbentzionala, baina horrekin batera, badaude mendebaldeko gizarte honetan pairatzen ditugun beste analfabetismo batzuk ere: komunikazio arlokoa, emozionala, eta guztietan, esango nuke okerrena dena, analfabetismo politikoa. Hor dago gakoa eta horregatik sentitzen da ikuslea interpelatua dokumental hau ikusterakoan.

Filma iragartzeko euskarrietan argiontzi bat erabili duzue. Zergatik?

Guk arbola bat marraztu dugu. Leonelari egin genion elkarrizketa da enborra eta hortik adar asko ateratzen dira. Bere metodoa inplementatu den tokietara bidaiatu dugu dokumentala grabatzeko eta historia egiteko probestu dugu lana, urteetan Kuban, Venezuelan edo Nikaraguan garatu diren alfabetatze kanpainak aztertuz. Metodoaren bitartez, irakurtzen eta idazten ikasi duten pertsonen testigantzak jaso ditugu. Hain zuzen, urruneko landa guneko herrixketara joateko Coleman izeneko argiontzi horiek erabili zituzten alfabetatze kanpainetan parte hartu zuten herritar boluntarioek, Kuban eta Nikaraguan, 60ko eta 80ko hamarkadetako kanpainetan. Analfabetismoa iluntasun erabatekoa bada, irakurri eta idazten ikastea argitasuna da eta horregatik erabili nahi izan dugu sinbolo hori dokumental honetarako.

Zein lan egiten duzue La Guerrilla Comunicacional kolektiboan?

2005ean sortu genuen. Hamar urte baino gehiago ibilbidea egin dugu eta gure kolektiboan sentsibilizazio lana egiten dugu, ikus-entzunezko lengoaia erabilita. Dokumentalak, erreportajeak eta elkarrizketak egiten ditugu, beti ere, giza eskubide eta eskubide sozialekin lotuta eta jendearen artean analisia eta debatea pizteko helburuarekin. Gure proiektu izarra, 2009tik etenik gabe egin duguna, hilero egiten dugun elkarrizketa da. Bertan, ohiko medioetan agertzen ez diren isildutako ahots horiek elkarrizketatzen ditugu, giza eskubideen arloan diskurtso interesgarriak dituztenak denak.

Harremana ere baduzue gure eskualdearekin.

Guk, txantxetan, Aiztondo bailaran gerrillaren komandantzia bat dugula esaten dugu. Lagun hauen bitartez interesgarriak diren elkarrizketak lotu ditugu, Paco Etxeberriari eta Laura Mintegiri egindakoak, adibidez.

'Tengo algo que contarte' liburua ere aurkeztuko duzue ostiralean Zizurkilen.

Bai. Proiektu txiki bat izan zen, duela bi urte hasi genuena. Habanan bizi den emakume bat eta Girona ondoko Salt herrian bizi den beste bat jarri genituen harremanetan. Salten etorkinen kopurua ia %40koa da, baina aldi berean, integrazio eredu ere bada. Bi emakume hauek elkar ezagutu zuten eta eskutitz bidezko harreman bat hasi zezaten proposatu genien. Gure blogean bildu genuen eta hainbesteko oihartzuna izan zuen, liburu bihurtu dugula. Egileetako bat, Vicentita, Zizurkilen izango da etzi, 19:00etan, Plazida Otaño liburutegiko erabilera anitzeko gelan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!