Sacemgo zubia zabaltzeko proiektua onartu du Diputatuen Kontseiluak

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 20a, 16:31

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 501.203,04 eurokoa da, eta lana burutzeko lau hilabeteko epea izango du esleitutako enpresak.

Diputatuen Kontseiluak onartu du Legarretako zubia (Sacemgo zubia bezala ezagutua dena) oinezkoentzat zabaltzeko proiektua.

Taularen ertz bakoitzari 80 zentimetroko altzairuzko egitura bat atxikitzea da egin beharrekoa. Gaur egun 5,6 metroko zabalera du zubiak, eta alde bakoitza 80 zentimetro zabalduko litzateke. Modu horretara, 3,5 metroko zabalera izango lukeen galtzada bat sortuko dute, eta bi metro zabaleko espaloi bat eraiki, metalezko hesi batez bananduz. Anta Ingenieria Civil enpresak idatzi du proiektua.

Horrez gain, proiektuan aurreikusita dago espaloiak zolatzea, aglomeratu beltzarekin, eta taularen ertzak baranda batekin errematatzea.

Imanol Lasa diputatuak sare sozialetan aitortu duenez, «oso proiektu inportantea da enpresei sarbide egokia emateko, eta segurtasuna hobetzeko». Lasaren esanetan, «Zubiak berritzeko premia zeukan, eta udalak behin eta berriz jakinarazi izan dio Aldundiari».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!