Errebote plazaren eraberritzearen aurrean herritar taldeak balorazioa egin du

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 20a, 11:16

Errebote plazaren eraberritzearen inguruan parte hartzea eskatuz antolatu den herritar taldea "gustura" azaldu da egindako lanarekin. Parte hartzea aldarrikatze hutsagatik "irainduak" izan direla esan dute publiko egin duten balorazioan.

Herritar taldeak 600 sinadura baino gehiago bildu zituen Errebote plazaren inguruan egiteko asmoa zegoenaren inguruan informazioa jaso eta eraberritze horretan parte hartzea eskatuz, "bai eragile antolatuen  eta baita bizilagun partikular gisa".

Bilketaren ondoren, udal gobernuak Amavi aldizkarian eta udalaren webgunean proiektua zintzilikatu zuen eta plazak aurretik zituen erabilpen guztiak mantenduko zituela ziurtatu zuen. Gainera Parte Hartze batzordea biltzeko deia egin zuen urriaren 14an eta bilera horretan, helbide elektroniko bat zabaltzeko konpromisoa hartu zuen, astebeteko epean proiektuari ekarpenak egin ahal izateko. Herritar taldeak baieztatu du, "ekarpenei atea irekiko ziela esan eta hurrengo egunean obra adjudikatzeko kontratazio mahaiaren bigarren bilera deialdia egin zuen, parte hartzearen aldeko joera handiegirik ez duela erakutsiz".

Balorazio idatzian herritar taldeak esan du prozesua ez zaiola batere gustatu, "eta bereziki desatsegina gertatu zitzaigun Parte Hartze batzordea, parte hartzeari ateak zabaltzeko baino beste asmo batekin egindakoa izateaz gain, alkatetzaren aldetik mespretxuzko komentarioen jomuga izan baikinen".

Amaitzeko, Errebote plazaren aferaren konponbidea "jarrera eta borondate" kontua dela aipatzen du herritar taldeak, "ez da garaiz informatu eta parte hartzea eragotzi da, proiektua alkate dekretuz onartuz". Gonbidapen batekin bukatu dute balorazioa: "Udal gobernuko kideak animatzen ditugu herritarren kezkak hain modu txarrean ez hartzera, inor demonizatu gabe, elkarlana sustatzeak beti ekarriko baitio onura herriari".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!