Zer da zuretzat Xenpelar Dokumentazio Zentroa (XDZ) eta zertarako erabiltzen duzu?
Lanerako erreminta da. Asteroko irratsaioan erabiltzen ditut Xenpelarrek aurreko hilabete edo asteburuan jaso dituen audioak. Norbait elkarrizketatu behar dudanean, pertsona horri buruzko informazioa lortzeko ere erabiltzen dut: izan bere biografia, izan Xenpelarren publikoarentzat eskuragarri dauden bertso horietatik zein erabil ditzakedan ikusteko. Asteroko bertso agenda errepasatzeko ere erabiltzen dut.
Eta gai-jartzaile moduan?
Gauzak ikertu nahi izaten ditudanean erabiltzen dut. Nire gai-jartzaile estilo edo profila definitzen aritu izan naizenean, saioetako gaiak entzun eta zera pentsatzen dut: «Nik zer ekarpen egin diezaioket honi? Plazan zer eginda orain arte?». Horrelako kontsultak egiteko oso erabilgarria da. Era berean, bertsolari berriren bat oholtzakide izan dudanetan, XDZko bertsoak erabili izan ditut bere punturik gorenak edo bertsokera ikusteko.
Bertso dinamika ezberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da ezta?
Harituz, TOLOSALDEKO ATARIA eta XDZren arteko hitzarmen bat daukagu. Niri eskuragarri jartzen dizkidate beraiek jasotzen dituzten audioak, eta guk gure inguruan grabatzen ditugun saioak Xenpelarrera bidaltzen ditugu. Aurten, 30 bat saio grabatu eta Xenpelarri eman dizkiogu. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu hori. Adibidez, Mikela Elizegi Pello Errotaren alaba ezaguna egiten ari da, baina ez daukagu bere bertsorik. Hori ezin da gertatu etorkizunean. Harituz Bertsozale Taldea gaur egun existitzen da, baina agian hemendik hogei urtera ez da existituko. Datu base horiek funtsezkoak dira talde horien berri izateko. Harituzen kasuan, oso garrantzitsua da beren herri inguruan kantuan ibiltzen diren bertsolari horien jarduna erregistratuta egotea.
Zein garrantzia ematen diozu zuk?
Niri asko gustatzen zait ikertzea, eta gai jartzaile moduan, oso garrantzitsua izan da gaiak nola aldatzen joan diren ikusteko; txapelketan bakarrik ez, bestela ere bai. Datu base horiei esker dakigu zein gai jartzen ziren duela urte batzuk, eta horrekin ikusten dugu garaiak nola aldatzen diren eta gizartearen balioak zeintzuk diren. Horretarako ere balio du: gizartea nola aldatzen den ikusteko. Jende askori ez zaio irudituko gauza horiek gordetzeak zein balio duen gaur egun, baina oso garrantzitsua da. Norbaitek zerbait ikertu nahiko balu hemendik urte batzuetara, informazioa non bilatu jakiteak azaldu ezina den balioa dauka.
Edozein ikerketa egiteko, alderaketa bat egin behar da askotan. Gaur egungo dokumentuak bila ditzakegu, baina Xenpelarren dena hor daukagu, eta erraztu egiten digu lan hori.
XDZk zer nolako garrantzia du bertsolaritzak indartsu jarrai dezan?
Ezinbestekoa da. Gaur egun, ez gara telebistarekin bakarrik bizi. Nik uste dut bertsoaren historian gehien erreproduzitu diren bertsoak direla Maialen [Lujanbiok] Irunen abestu zituen hiru bertsoak, eta Maddalen [Arzallusek] Puigdemonti buruz egin zuen agurra. Beste aro batean sartu gara, eta gaur egun ezinbestekoa da horrelako erreminta bat izatea. Datozen urteetan, komunikazioa eta hedapena giltzetako batzuk izango dira.