Bertsolaritzari buruzko ikerketak ezagutzeko hitzordua, gaur

Ataria 2018ko azaroaren 15a

Villabonako Subijana etxean antolatu du saioa Mintzolak eta ikerketa lanekin batera bertso saioa izango da entzungai

Bertsolaritzaren inguruan egiten diren azterketa lanak sustatzeko eta zabaltzeko lanean ari da Mintzola Ahozko Lantegia etengabe, besteak beste, UPV/EHUko Laboa Katedrarekin elkarlanean. Azken urteotan heldutako ohiturari jarraituz, Mintzola Mintegia antolatu da, martxan dauden bertsolaritzari buruzko ikerketa lanak ezagutzera emateko asmoz.

Gaur, 18:00etan hasiko da saioa Amasa-Villabonako Subijana etxean, Mintzola Ahozko Lantegiaren egoitzan, eta doakoa izango da. Aipatu bi erakundeok elkarlanean finantzatu edota gutxienez informazioz eta aholkuz lagundutako ikerketen berri izateko egokiera izango da bertan.

Kazetaritza eta bertsoa: errimen oihartzunaz lana aurkeztuko du Antxoka Agirrek lehendabizi. Jarraian, Luzia Alberro historialariak hartuko du hitza: Xenpelar, Bilintx, Pello Errota, Pedro Mari Otaño, Txirrita eta Joxe Mari Lopetegi bertsolarien bertso-paperak iturri hartuz, herri xeheak Gipuzkoan 1830-1936 urteetan nozitutako aldaketak nola bizi izan zituen ikertu du berak eta lan hori aurkeztuko du. Bertsozaletasunaren ikerketa soziologikotik abiatuta Postdodoismoa bertsolaritzan. Kultura sortzeko eredu eraginkorrago baten bila ikerlanaz ariko da Harkaitz Zubiri lehen zatia amaitzeko, eta galdera-erantzunei egingo zaie tartea. Ondoren, antolatzaileek iaz saritutako bi proiektu aurkeztuko dituzte jardunaldian: Ane Labakaren eskutik, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko umorea aztergai, genero-ikuspegitik eta Beñat Muguruzaren Noka eta toka ahoskide… eta bertsolarien adiskide?

Azken lan horrekin lotuta, eta hitzaldi sortari amaiera emateko, bertso saioa egingo dute Agin Laburu eta Eli Pagola bertsolari hernaniarrek, hain zuzen, hitanoa baliatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!