«Argazkigintzako materialak milaka euro balio du, eta prentsan, argazkiko 30 euro ordaintzen da»

Iñigo Otaegi 2018ko aza. 12a, 07:42
Egoitz Bengoetxea kirol argazkilaria, argazki saio batean.

Alustitzako maldan etzanda, modeloen artzain lanak egiten harrapatu dugu Egoitz Bengoetxea (1975, Amasa-Villabona) argazki desiratua lortu asmoz. Gaztetxotatik jardun du lagun kirolariak endredatzen harra kamuste aldera, eta egun, betiko lanpostuari bizkar eman zionetik, kirol argazkigintza profesionalean dezenteko sona erdietsi du Otxabi izenpean.

Debekua izan zen kamerari lehen aldiz heltzeko motiboa.

Gure aitak kamera bat zuen, eta hura ezin zen inondik inora ere ukitu. Bada, nik besterik ez nuen desiratzen, debekatzen zitzaidan guztia. 18 urte nituenean, osabak azkenetan zegoen kamera bat oparitu zidan, baina lau karrete erabiliko nituen, asko jota. Ordea, kamera izorratu aurretik, Aizkorriko gailurretik egunsentiari erretratua egin nion, eta argazki horri esker, lehiaketa batean kamera berri bat irabazi nuen.

Tenore hartan ez zegoen ez ISO-rik ez foku automatikorik.

Dena manuala zen, norberak neurtu behar zuen argia eta fokua. Eskerrak, horrela jabetu bainintzen faktore guztien balioaz eta funtzionamenduaz. Orain, dena kamerak egiten du, eta zailagoa da argazkigintza konprenitzen.

Hainbestekoa da pasioa, fabrikako lanpostuari uko egin diozula.

Beno, eszedentzia eskatu nuen, bermetxoa hor dago oraindik [barreak]. Pare bat urte daramatzat autonomo gisa, lan mordoa egiten ari naiz, eta bezeroek gero eta konfiantza maila handiagoa dute nigan. Gaur-gaurkoz, ez dut planteatzen berriro lantegira itzultzea, nire jarduna argazkigintza profesionalera bideratu nahi dut.



Argazkilariaren baldintzak fabrikako langilearenak bezain duinak al dira?

Argazkigintzan hasteak suposatzen duen zulo ekonomikoa izugarria da, ez dago fabrikako lanarekin alderatzerik. Hala ere, orain sudur puntan jartzen zaidan horixe egiteko abagunea dut, askozaz ere gehiago gozatzen dut. Argazkilariak betidanik aritu izan dira kondizio kaskarretan; alabaina, gutxieneko baldintza horiek erdiestea gero eta konplikatuagoa da. Lehen, argazki makina erabiltzen zekienak, lana ziurtatuta zuen; egun ostera, argazkigintzatik bizimodua ateratzeko, Champions League-n jokatu beharra dago. Argazki txukunak egiteak ez du balio, irudi uholdearen aurrean, alderdi nabarmengarriren bat erakutsi behar da.

'Otxabi' zertan da ba sailez apartekoa?

Kirol argazkigintza da nire lurra. Egiazki, profesional on ugariren ardatza da kirola, eta esango nuke, gairik zailenetakoa dela argazkilari bezala ospea lortzeko. Kirolarekin zerikusirik ez duten publizitate lanak atera zaizkit, eta kasu horretan, irudi onak ateratzea errazagoa da. Finean, izan kirolari baten edo enpresa baten eskakizuna, esan nahi du nire argazkiak egiteko modua gustagarri gertatu dela, eta horri ematen diot balioa.

Ezagutza tekniko handiak behar dira kirol argazkiak egiteko.

Baita tresna sorta garestia ere [barreak]. Erretratuak egiten dituzten argazkilariek, aski dituzte bi optika sinple eta tripode bat; hiruzpalau ezkontza nahikoa dira materiala amortizatzeko. Aldiz, kirol argazkiak egiteko optikek milaka euroko kostua dute, eta prentsan, argazkiko 30 euro ordaintzen da. Nola ematen zaio horri buelta?

Eta ordaintzen dutenean, gaitz erdi.

Zoritxarrez, kontrakoak sarri gertatzen dira bai. Jubenil batek nire argazkia bere sare sozialetarako erabiltzen badu, bikain iruditzen zait. Baina, diru-irabazi asmoak dituen enpresa baten jardunerako bada, nire baimena behar du. Euskal komunikabide esanguratsuetatik deitu izan didate argazkia erabiltzeko baimen eske, ordainetan dirua eskatuta, deia eskegi izan didate.



Nolatan egin zenuen kirolaren aldeko hautua?

Betidanik izan dut mendiarekiko eta kirolarekiko lotura hertsia, korrikalari eta txirrindulari gisa ere aritu izan naiz. Bada, horrenbeste ezagutzen dudan sentsazio hori, argazki bidez erakusten saiatzen naiz. Ez ditut argazki saioak edo publizitate lanak bakarrik egiten, lasterketetara ere makina bat alditan joaten naiz; besteak beste, Aizkorriko maratoira.

Gaurkoen gisako argazkitzarrak ateratzeko, formaziorik jaso duzu?

Orain dela hiru urte arte, neure kasa ikasi nuen guztia. Gerora, bi ikastaro egin nituen, flash-arena bata, eta lightroom edizio programarena bestea. Ekarpen handiko esperientziak izan ziren, eta orain, argazkigintza profesionaleko bi urteko kurtsoa egiten ari naiz. Bilakaera nabarmena antzematen dut, iazko irudiak errepasatzen hasten naizenean, zinez eskasak iruditzen zaizkit. Bada, hori da seinale onena.

Jendeak emaitzari bakarrik erreparatzen dio.

Eta atzean dagoen lana? [Barreak]. Bezeroen partetik sarri entzuten ditut horrelakoak: «Klik bat egiteagatik hainbeste ordainduko dizut». Esaterako, gaurko argazki saioa baino bi aste lehenago, ibilbide bera egin nuen oinez, eguzkiaren joerak aztertzeko. Ziur naiz aurreko lana egin ez banu, gaurko argazki ederrenak ez nituela aterako. Lasterketetan ez da aurrez prestatzeko aukerarik izaten, baina, sare sozialetara igotzen den irudirik onena erdiesteko, beste 500 atera behar dira.

Kameraren aitzakian egoera politetan egongo zinen.

Arrotzak zitzaizkidan alorrak ezagutzeko lizentzia izan da kamera. Iaz, San Juan taldeko arraunlarien jarraipena egiteko pribilegioa izan nuen. Kontxako hitzorduaz aparte, entrenamenduak ere bisoretik jarraitu nituen, plazer handia izan zen garaipenerainoko bidea batelerekin egitea. Zinez erreportaje kuttuna dut. Inoiz txirrindulariekin batera dutxan ere sartu izan naiz, lohia soinetik kentzen ari direla erakusten duten argazki polit askoak atera nituen.



Beste aldea erakustearen zalea zara, beraz.

Argazkilari guztiek begiz jota dituzten uneak ez zaizkit interesatzen, helmugakoa, esate baterako. Bi pauso atzerago egotea atsegin dut, parte-hartzaileak hornidura gunean hotzez akabatzen daudela erakusteko, edota senitartekoek arropa garbia ematen dien momentua erretratatzeko. Halaber, esaten da edozein dela argazkilari, kopiatzeko tendentzia ikaragarria da; bada, kanonetatik urruntzen saiatzen naiz. Pentsa, nire kamera ere Nikon-a da [barreak].

Kamera digitalekin ala analogikoekin gozatzen duzu gehiago?

Argazkigintza nire ofizioa ez balitz, ziur aski modu analogikoan egingo nuke lan. Kutsu artisau hori bikaina iruditzen zait, lehen, argazkia fabrikatu egiten zen, literalki, beste sentsazio klase bat da. Gustu handiz hartuko nuke kamera analogiko bat oraintxe bertan, eta dirutza izanez gero, plakadun kamera bat erosiko nuke, zalantzarik gabe. Egungo kamera digitalekin, argazkigintzak misterioa galdu du. Argazkiak atera ahala, emaitza begien bistan izaten dugu; garai batean, errebelatu arteko prozesua zoragarria zen, irudia nolakoa ote zen mila bider imajinatzen genuen. Nire ustez, lehengo argazkigintza interesgarriagoa da, pausatuagoa, eta mimo gehiago eskatzen duena.

Sare sozialetan, ez zara edozein moduzko 'influencer'-a.

Kontuz, oraintsu Youtubeko kanala ireki dut eta [barreak]. Egia esan, Instagram-i eskerrak ateratzen zaizkit lanak, hortxe dago gure joko eremua. Garai hauetan ez du balio herrian lokal bat irekitzeak, munduko kantoi guztietara ailegatzeko modua daukazunean. Lehen, enpresek euren katalogoa igotzen zuten urtean behin, eta kito; gaur, erakunde guztiek argazkiak eta bideoak zintzilikatzen dituzte, hori zirrikitu inportantea da argazkilariontzako.

Beste zirrikitu bat da irakaskuntza.

Zeregin horietan ere oso gustura nabil. Udaberrian eman nituen lehenengo klaseak, oinarrizko argazkigintzaren gakoak emanez. Aurten, hastapeneko klaseez gain, ikasle askorekin gehiago sakontzera ere iritsi naiz. Arlo teknikoaz soilik hitz egin beharrean, argazkigintza bizitzeko nire moduaz sarri jarduten dut.

 

Jarraian Egoitz Bengoetxea 'Otxabi'-ren argazki kuttunetako batzuk: 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!