Memoria eta Bizikidetza batzordeak Aranzadiri ikerketa egitea eskatuko dio

Ataria 2018ko azaroaren 8a

Memoria eta Bizikidetza batzordeko kideak, prentsa agerraldian.

Azaroaren 10ean Memoriaren Eguna dela eta, Memoria eta Bizikidetza batzordeko kideek prentsa agerraldia egin dute, "indarkeriaren biktima guztien duintasunarekiko konpromisoa" azalduz eta "biktima guztiek merezi duten egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea" aitortuz.

Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza batzordea EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko ordezkariez osatuta dago. "Etorkizun baketsu baten aldeko apustua" egiten duela adierazi dute, "inolako kausa politiko, giza eskubideen, pertsonen eta bizitzaren balioaren gainetik jarriko ez dena".

2016tik hona herriko memoria eta elkarbizitzaren esparruan egindako ibilbidearen eta lortutako akordioen berri eman dute ere agerraldian. Batetik, alderdi guztiek aho batez erabaki dute Aranzadi Zientzi Elkarteari ikerketa zientifiko bat egitea eskatzea. "Ikerketa horren helburua azken hamarkada luzeetan gure herrian bizi izan diren giza eskubideen urraketa guztiak biltzea izango da, bai Amasa-Villabonako biztanleek pairatutakoak, baita Amasa-Villabonan bertan gertatu direnak ere", zehaztu dute, eta gaineratu: "Garrantzitsua baita gure herrian gertatutako egia guztiak jasotzea eta giza eskubideen urraketa ezberdinak pairatu dituzten biktima guztiak aitortuak izatea".

Bestalde, gaiarekin lotutako bi dokumental proiektatuko dira Gurea zinema aretoan. Azaroaren 30an, Begoña Atin eta Maite Ibañezek egindako Mujeres en construcción, eta abenduaren 14an Maite Ibañezek egindako Glencree izenekoa. Bi dokumentalak 19:30ean emango dira eta amaitzean haien inguruko solasaldia egiteko aukera izango da.

Azkenik, Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza batzordeak hasi duen bidearekin jarraitzeko borondatea berretsi du publikoki: "Ezinbestekoa deritzogu-eta iraganean gertatutakoak berriz gertatuko ez direla bermatzea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!