«Pena izan da finalaz ez gehiago gozatzea; bestela, egindakoarekin gustura nago»

Asier Imaz 2018ko aza. 2a, 12:54

Maila absolutuan, Eneko Maizentzat (Amasa-Villabona, 1996) lehen Munduko Txapelketa izan da Bartzelonakoa. Trinketean, banaka, zilarrezko domina lortu zuen billabonatarrak.

22 urtez azpiko Munduko Txapelketan parte hartu ondoren, nagusiekin aritzeko garaia iritsi zaizu.

Horrela da, aurtengoa izan da lehen aldia. 22 urtez azpikoa iaz izan zen, eta aurtengoa esperientzia oso polita izan da. Jende berria ezagutzeko aukera izan dugu; modalitate berriak ikusten ibili gara, gertutik gertura ezagutzen ez genituenak eta egia esan, harriturik geratu gara Munduko Txapelketan egon den mailarekin. Oso gustura.

22 urtez azpikoan zilarra lortu zenuen, orain berriro zilarrarekin itzuli zara etxera. Maila, ordea, aldatuko zen.

Hasieratik ikusi genuen Frantziako selekzioa zela indartsuena. Trinketerako bost profesional eraman zituzten, bost onenak. Bagenekien, beraz, zaila izango zela. Gure helburua beraiekin finalerdietan ez gurutzatzea zen. Ligaxkan horretarako mexikarrei irabazi behar genien, ondoren finalerdiak Kubaren aurka jokatzeko. Gauzak ondo joan ziren finalera iritsi arte. Iazkoarekin alderatuta, beste maila bat egon da. Egindako lanarekin gustura geratu naiz, nahiz eta pena izan den finalaz ez gehiago gozatzea.

Iaz mexikarraren aurka galdu zenuen finala. Aurten behintzat bere aurka irabaztea lortu duzu.

Bi mexikar zeuden buruz burukorako. Niri iaz irabazi zidana aukeratu zuten nire aurka jokatzeko, agian horrexegatik. Trinketea bi metro luzeagoa zen Bartzelonan, eta indar aldetik bagenekien ez zela soberan. Irabaztea lortu genuen eta iazko finaleko arantza hori behintzat atera nuen.

Finalerdietan kubatarra zenuen aurrean. Markagailua ikusita, finalerako txartela nahiko erraz lortu zenuen.

Sakearekin min handia egin nion. Ligaxkan bere partidak jarraitzen egon ginen. Iaz 22 urtez azpikoan jokatzen aritutako bera zen. Gutxi gorabehera bagenekien nola jokatu bere aurka. Sakearekin min handia egitea zegoela ikusi genuen, eta finalerdiak misterio handirik gabe joan ziren, eta hobe guretzat horrela.

Finala Baptiste Ducassou lapurtarraren aurka jokatu zenuen. Zuk esan duzuna: profesionala.

Dagoen trinketelaririk handienetakoa da. Bere aurka jokatzea niretzat ohore bat izan da. Oraindik bere aurka jokatu gabe nengoen, eta ilusio berezi horrekin iritsi nintzen finalera. Gainetik pasa zitzaidan. Berari dena ondo atera zitzaion eta niri dena aldrebes. Ea hurrengoan berriro finalera iristeko aukera dudan.

Hurrengoa Euskal Herrian izango da, 2022an, Miarritzen.

Aurrez Munduko Kopa dago, Parisen. Ea deitzen gaituzten eta maila on bat emanaz Munduko Txapelketara sailkatzea daukagun.

Helburua hori izango da, ezta?

Hori da. Beste txapelketa bat izango da. Jende gehiago egongo da, ez dakit berdinak izango garen edo ez. Ea lan on bat egitea daukagun.

Zilarraz gozatu, ez da gutxi eta.

Hala beharko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!