«Ahalduntze komunitarioa eta zerbitzu publikoa uztartu nahi dira»

Jon Miranda Labaien 2018ko aza. 1a, 10:20

Aitor Basurtoren gidaritzapean, aitzindaria den Landalab proiektua jarriko dute martxan Amasan, landa eremuko adineko pertsonen behar sozialei erantzuteko zaintza komunitarioa oinarri duen egitasmoa.

Gizarte esku hartzean lan egiten duten profesionalez osatuta dago Agintzari kooperatiba eta bertan aritzen da Aitor Basurto (Mendaro, 1983). Amasan aritu zen ostegunean.

Jende asko gerturatu al zen aurreko asteko bilerara?

Gu gustura geratu ginen. Dozena bat baino gehiago izan ziren bertan eta eskertzekoa da horrelako proiektu bat zertan datzan entzutera jendea gerturatzea.

Kasu honetan, landa eremuan, Amasan, behar sozialak dituzten adineko pertsonak jarri dituzue proiektuaren erdigunean.

Behar horiek dituzten pertsonengan fokua jarri baino, herritar guztiengan jarri dugu arreta. Urte batzuk barru, Euskal Herriko biztanleria asko zaharkituko da eta guretzako, profesional bezala, erronka berri batzuk etorriko dira. Arazoak dituzten pertsonengan enfokatu beharrean, erantzun irekiagoak emateko beharra sumatzen dugu. Kolektibo profesional bezala bakarrik ez, gizarte bezala dugun erronka bat da. Azken batean, landa eremuak deskonektatuta ikusten ditugu gizarte zerbitzuetatik eta horri erremedioa jarri behar diogu.

Egoeraren diagnosi bat egin nahi izan duzue aurrena. Amasan konfirmatzen al da Euskal Herrian ematen den joera?

Bai. Tokian tokiko erretratua egin nahi izan dugu eta zahartze tasak altuak direla baieztatu ahal izan dugu. Joera hori hamar urte barru areagotu egingo dela aurreikusten dugu. Tendentzia demografiko bat badago esaten diguna landa eremuetan kontzentratuko direlako pertsona nagusiak. 2028an, hirutik bat, 65 urtetik gorakoa izango da.

Zer nolako behar sozialak izaten dituzte pertsona horiek?

Guri bakardade egoerak kezkatzen gaitu gehien. Testigantza asko jaso ditugu esaten digutenak, baserrian pertsona nagusiak bakarrik bizi direla eta istripua eduki eta inor ez dela konturatzen. Landa eremuan, bakoitzak bestearengandik urrun daude etxebizitzak eta hori ere zailtasuna da.

Komunitatea osatzen duten eta gizarte zerbitzuen arteko lotura hori da, beraz, Landalab proiektuan proposatzen duzuena.

Azken batean, badakigu ezinezkoa dela hiriguneko gizarte zerbitzuak landa eremura eramatea, behintzat logika berdinarekin. Efizientzia aprobetxatu nahi dugu eta landa guneak dituen indarguneak baliatu nahi ditugu proiektu erreal bat sortzeko. Auzolanerako kultura badago baserri giroan. Bideak konpontzea, hesiturak jartzea edota pinua botatzea, askotan egin dira komunitatean eta logika hori auzozaintzara eraman nahi dugu. Elkarren berri izateko gaitasun hori badu komunitateak, administrazioko langileak ez duena. Lotura hori egin nahi dugu, komunitateak elkar zaintzeko duen potentziala eta etorri daitezkeen arazoei erantzuteko gizarte zerbitzuetako profesionaltasuna. Kostu handirik gabe lotu daitezkeela uste dugu.

Auzozain figura sortzea proposatzen duzue. Zein ezaugarri izan beharko lituzke pertsona horrek?

Gure proiektuan lehenengo azterketaren ondoren, diagnosi kualitatiboa ere egin nahi izan dugu, auzoan dauden indarguneak ikusteko. Auzozaina da figura bat, bere profesioagatik, edo herriko kontuetan inplikatuta dagoelako, besteak ikusteko gai dena eta auzoarekiko ezagutza handia duena. Baserri bakoitzean zein bizi den badaki eta horrelako dezente daude Amasan ere. Gure asmoa da, auzozain kuadrilla bat eraikitzea, informazio asko izango duena eta egunerokotasunean arrisku egoeran dauden pertsonen berri izango duena. Susmoa dutenean, gizarte langileei abisua pasatzeko betebeharra izango lukete. Auzozainei formazioa eskaini nahi diegu, ikuspegi sozial hori izan dezaten.

Amasan asko topatu al dituzue?

Bai. Bildu ditugu datuak eta argi dugu auzozaintza zeintzuk eraman behar duten. Ez dira bakarrik pertsonak, kolektiboak ere izan daitezke. Dena den, zenbakia ez da hain garrantzitsua, pertsonek duten gaitasuna, kontzientziazioa eta inplikatzeko gogoa da inportantea.

Lotura hori egiterako orduan, teknologia berriak erabiliko dituzte?

Guk analisi bat egin dugu eta tresna geo-erreferentziatu bat sortu dugu. Google maps aplikazioa irudikatu behar dugu. Zerbitzu publikoen informazioa ematen den bezala, zergatik ez egin tresna bat ikuspegi sozialarekin? Arrisku egoerako aldagaiak sartu dizkiogu: bakarrik bizi direnak non dauden, 75 urtetik gorakoak zeintzuk diren... Mapa bat ematen digu horrek eta arrisku egoera posibleak lokalizatzen laguntzen digu. Gizarte langileentzako tresna garrantzitsua da, askotan auzuneak ez dituztelako ezagutzen. Mapa horrek alerta txikiak ematen dizkizu. Informazio baliagarria da, komunitateko auzozain horrek ematen dizkizun datuekin osatzeko. Sortu dugun tresna aitzindaria da, guk GISA deitzen dioguna.

Beste herri batzuetan ere aurrera eraman duzue proiektua.

Urtebete daramagu dagoeneko. Leintz-Gatzagan, Zerainen eta Bergarako Angiozarren jarri ditugu martxan gauzatu dugun proiektua eta tresna. Pixkanaka hobetzen goaz. Kanpora auzo zaintza ereduak ezagutzera joan arren, azkenean tokian tokiko proiektu bat sortu dugu eta bakarra da auzo bakoitzean. Amasako herrian martxan jarrita, esperientzia bat gehiago izango da. Aurki Orozkon abiatuko dugu

Zenbateraino da garrantzitsua administrazioaren inplikazioa?

Gure filosofia argia da. Tokian tokiko proiektuak behar dira eta herriak kapitalizatu behar du egitasmoa. Udalak inplikazio handia izan du eta iritsiko da momentu bat, non herriak GISA tresna eduki eta auzo zaintza kuadrilla izango duen eta hortik aurrera haien esku geratuko da. Hori eskatzen du proiektuak, ahalduntze komunitarioa eta zerbitzu publikoa uztartzea.

Zein izango da hurrengo fasea Amasan?

Diagnosiak egin ditugu eta herriari aurreko astean ikusitakoa esplikatu genion. Orain, auzozainak topatzeko bidean gaude. Bertara jo eta Landalab proiektuan interesa duela esanez gero, pixkanaka joango ginateke kuadrilla osatzen eta formazioa eskaintzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!