Amasa-Villabonak 6,6 milioi euroko aurrekontua izango du 2019an

Jon Miranda Labaien 2018ko urr. 30a, 17:08

Astelehenean EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduk aurkeztutako sei zuzenketak atzera botata onartu zen 2019ko ekitaldirako aurrekontua. Osoko bilkuran, Lurgatz taldeak aurkeztutako mozioa ez zen aurrera atera.

EAJ eta PSE-EEren aldeko zazpi botoekin eta EH Bilduren kontrako seirekin onartu da Amasa-Villabonako 2019ko aurrekontua. 6,6 milioi eurokoa da, aurtengoa baino %2,75 handiagoa. Udal gobernuaren izenean Ibon Ariznabarretak hitz egin zuen asteleheneko ohiko osoko bilkuran: «Aurreko urteetan bezala, partida ia guztiak inbertsio izenarekin joan arren, mantenurako erabiliko ditugu». Besteak beste, Santiago egoitzaren espaloiak eta inguruneak konpontzeko 133.000 euro erabiliko dituzte eta beste 110.000 euro baliatuko dira Txermingo aparkalekua birgaitzeko.

Amasa-Villabonako EH Bilduk, «2019ko proiektua hobetzeko asmoz», zuzenketak aurkeztu zizkion aurrekontuari herenegungo bilkuran. EAJ eta PSE-EEko zinegotziek atzera bota zituzten proposamen guztiak, bat izan ezik. Koalizio abertzaleak haur eskola publikoan haurrak matrikulatzen dituzten gurasoentzat diru laguntza sistema bat ezartzea proposatu zuen. Zubimusu ikastolak 0 eta 2 urte bitarteko umeentzat zerbitzua eskaintzen du Zizurkilen, «eta eskaintza ezberdinen matrikulen kostuak berdintzeko», egin du proposamena EH Bilduk.

Diru laguntza horien legezkotasunaz zalantzak agertu zituen Maria Luisa Arija sozialistak eta idazkaritzari txosten juridiko bat egiteko proposamena luzatu zuen. Eskaera, zuzenean alkatetzak, edo udalbatzaren laurden batek egin dezakeenez, EH Bilduko zinegotziek proposamenarekin bat egin eta 1.000 euroko partida jarrita, aurrera atera zuten zuzenketa. Orain, azterketa juridikoa egingo dute udal teknikariek. EAJk zuzenketaren aurka bozkatu zuen eta Maite Agirre alkateak kezka agertu zuen gai honen inguruan: «Argitu beharko da udalaren eskuduntza ote den eta legez diru laguntza horiek eman ote ditzakegun».

Herrian dauden etxebizitza hutsak identifikatu eta gaur egun duten egoera ezagutzeko azterketa bat egiteko 12.000 euro bideratzea proposatu zuen astelehenean EH Bilduk. Atzera bota zuten EAJk eta PSE-EEk eta berdin egin zuten, nazio eraikuntzan jarduten duten hiru eragileri Gaindegia, Udalbiltza eta Euskal Memoria laguntzak ematea proposatutakoan.

EH Bilduren zuzenketa nagusia Larrea parkearen ingurukoa izan zen. «Hirigintzako inbertsioen ataleko lehentasuna izan beharko litzateke», esan zuen Labordek eta horregatik parkea estaltzeko 196.000 euro bideratzea proposatu zuen. Ez zen aurrera atera. Eztabaidan, herritarren parte hartzea kontuan ez hartzea leporatu zioten elkarri udal taldeek. Bide batez, koalizio abertzaleak merkataritza eta berdintasun batzorde bana sortzeko eskaerak ere atzera bota zituzten EAJk eta PSE-EEk. Merkatariekin harreman jarraitua dutela eta haien hitzarmena diruz hazi egin dela argudiatu zuten jeltzaleek eta berdintasun gaiak gizarte zerbitzuen batzordean jorratzea proposatu zuten, behin elkarte bezala eratuta dagoenean, Lurgatz talde feminista bertara gonbidatuz.

DATUAK

2019ko aurrekontua: 6.656.293 euro. 2018an baino %2,75 gehiago.

Igoerak: Gizarte zerbitzuetan %1,6 gehiago; Euskaran %5,1 gehiago; Kiroletan %4,7 gehiago.

Inbertsio nagusiak:

- Espaloiak eta asfaltatze lanak: 133.000 euro.

- Txermingo aparkalekua: 110.000 euro.

- Flemingo obrak: 10.000 euro.

- Oria ibaiko baranda konpondu: 20.000 euro.

- Kale Nagusia 38ko erreformak (udalak ere jabetzaren %52 duenez): 50.000 euro.

- Autobiako zubian konponketak: 15.000 euro.

- Haurrentzako parkeak: 30.000 euro.

- Kiroldegiko kantxa: 20.000 euro.

- Hiri altzarien erosketak: 20.000 euro.

- Aljibean segurtasun berrikuntzak: 15.000 euro.

- Argazki historikoak kalean jartzea: 10.000 euro.

- Txermingo kale hezitzaileentzako berogailuak eta altzariak: 8.500 euro.

- Buruhandien erosketa: 3.630 euro.

Ohar batean eman ditu xehetasunak Amasa-Villabonako udal gobernuak.

Atzera bota dute Lurgatzen eskaera

Herriko emakumeentzat lanerako erabilgarri den espazio bat eskatu dio Lurgatz talde feministak Amasa-Villabonako Udalari mozio baten bitartez. «Proposamen onargarririk izan ezean, Kale Nagusiko 38. zenbakian dagoen etxebizitza hutsa emakumeok erabili ahal izateko talde feministari eskuragarri egitea», aipatu dute mozioaren bigarren puntuan, eta amaitzeko, alderdi politiko guztiei eskatu diete, «herriko emakumeok dituzten beharrak asetzeko benetako borondatea izatea».

Kale Nagusiko etxebizitza erabilgarri ez dagoela aipatu zuen asteleheneko bilkuran Maite Izagirre alkateak eta udal aparejadoreak egindako txostena aurkeztu zion idazkariari, osoko bilkuraren aktan jasota gera zedin. EH Bilduko Xabat Laborderen esanetan, udal gobernuak ad hoc eskatutako txostena da hori eta herriko eragileek egindako eskaerei «positiboki» erantzuteko eskaera egin zion EAJri, «zangotrabak jarri beharrean». Lurgatzek aurkeztutako mozioaren alde egin zuen koalizioa abertzaleak.

EAJk eta PSE-EEk, berriz, aurka bozkatu zuten eta mozio alternatiboa jarri mahai gainean. Bigarren testu horretan, gizarte, kultura eta kirol arloko elkarteentzako lokal falta nabarmendu eta beste herrietan daramaten joerari erreparatu zioten bi alderdiek: «Elkarteek beren lana egin ahal izan dezaten, partekatutako balio anitzeko espazioak ahalbidetu daitezke».

Alderdi jeltzale eta sozialistaren aldeko botoekin onartutako mozioarekin, udalak bilgune izan daitezkeen espazioen azterketa sakona egiteko konpromisoa hartu du eta Lurgatzek lokal bat erabiltzeko egin duen eskaera aztertuko du. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzeko baldintza bete beharko du Amasa-Villabonako talde feministak.

Lurgatz taldeko kideak asteleheneko ohiko osoko bilkuran izan ziren eta hitza hartzerakoan adierazi zutenez, «udalaren partetik erabilgarri izan daitezkeen inongo espazioren proposamenik ez dugu jaso. Gainera, egindako proposamenei behin eta berriz muzin egin die udalak». Feminismoa ardatz hartuta, elkarlanean, inongo salbuespenik gabe aritzea, «oso garrantzitsua da», Lurgatz taldearen ustetan: «Herriko emakumeen sarea sendotu nahi da, esperientziak edo iritziak elkar banatu nahi dira, informazioa zein formazioa jaso nahi da, elkar babestuta, ekintzak eta ekimenak aurrera eraman nahi dira. Horretarako emakumeentzat gune seguru bat izan behar dugu». Berdintasunezko jendarte bat eraikitzeko helburuarekin, «emakumeak batu ahal izateko espazio baten beharra» azpimarratu dute feministek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!