Landalab proiektua aurkeztuko dute Amasako kultur etxean

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 23a, 15:55

Ostegunean, urriak 25, 18:30ean aurkeztuko dute ikerketa, landa eremuan bizi diren adineko pertsonei eskaintzen zaizkien zerbitzuen ingurukoa.

Ikerketa-diagnosia egitea bultzatu zuen Amasa-Villabonako dualak duela hilabete batzuk, landa eremuan bizi diren adineko pertsonek eskatu eta jasotzen dituzten hainbat zerbitzuen inguruko datuak jasotzeko. Agintzari kooperatibak burutu da lana, Aitor Basurto adituaren zuzendaritzapean eta udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak finantzatu du.

Amasako adineko pertsonen gizarte beharren inguruan jarraitu beharreko dinamikak zehaztu ditu lan honek. Gizarte langileak, normalean, hiri eremuan mugitzen dira, han jende gehiago bizi delako, eta hortaz, landa eremuko gizarte arreta maila areagotzeko, komunitate ekintza propioa martxan jartzea beharrezkoa ikusten dute, landa eremuan bertan bizi diren pertsonak inplikatuz eta arreta gehien behar duten baserritarrei lagunduz.

Landalab proiektuak landa eremuko adineko pertsonek bizi duten egoeraren argazki zehatza eskaini du, eta honenbestez, hiru helburu bete nahi ditu: batetik, adineko baserritarren bizitza kalitateari eustea; bestetik, arreta goiztiar egokia eskainiz, egon daitezkeen arrisku egoerak definitu eta bizilagunak, formakuntza egoki baten ondoren arreta horren inguruko erantzunkidetasuna izan dezaten ahalduntzea; eta azkenik, gizarte zerbitzuen eta landa eremuko bizilagunen lotura egonkorra sortzea.

Landa eremuko pertsonak dira beraien inguruko adineko pertsonak dituzten beharrak "hobekien" ezagutzen dituztenak udal ordezkarien esanetan, eta beraz, "informazio fidagarri eta zuzenena" eskaini dezaketenak, gero gizarte zerbitzuetako langileek plan pertsonalizatuak garatu ditzaten. Auzozain perfila sortzeko proposamena luzatu du ikerketa egin duen kooperatibak, gizarte zerbitzuetako saileko langileen eta landa eremuko erabiltzaileen arteko lotura modura, "arreta ematerakoa eraginkortasun handiagoa lortzeko".

Eneko Urdangarin, gizarte zerbitzuetako zinegotziarentzat, "harro egoteko modukoa da Amasa-Villabona, orainaldi eta etorkizuneko programa interesagarri hau garatuko duen Gipuzkoako herrietan lehenetarikoa izatea". Hain zuzen, Landalab programa "aitzindaritzat" eta "zentzu gizatiarra" duen proiektutzat hartu dute udal ordezkariek. Horregatik jendaurrean aurkeztuko dute, Amasako kutur etxearen, ostegunean, urriak 25, 18:30ean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!