Argiteria publikoaren kudeaketa proiektua lizitatu dute

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 4a, 10:44

Amasa-Villabonako Udalak 10 urteko iraupena duen kontratua atera du lehiaketara, 1.478.000 euroko aurrekontuarekin. Urriaren 29an amaitzen da eskaintzak aurkezteko epea eta udal gobernuaren hitzetan, "dirua aurreztuko da eta zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko da".

Azken urte hauetan "konponbide eskasak" eman zaizkie argiteriaren inguruko arazo garrantzitsuei eta "ez dute ezertarako balio izan", udal gobernuaren esanetan. Beraz, Amasa-Villabonako udalak, EAJ eta PSEren aldeko botoekin eta Bilduren abstentzioarekin, argiteria publikoaren kudeaketa plana onartu zuen udalak.

Orain ekintza plan hau garatzeko, hurrengo puntuak biltzen dituen argiteria publikoaren proiektua lizitatu da: energiaren kudeaketa, argiteria eta farola guztien aldaketa, instalakuntza, eguberrietako argi eta semaforoen instalakuntzen mantenua eta distribuzio aparailuen ekipamendu berrien instalakuntza eta elektrizitatearen kontrola.

Hiru konpromisotan oinarritzen da argiteria publikoaren kudeaketa plana: Ingurumenarekiko konpromisoa duen plan bat da, elektrizitate kontsumo altua murriztu eta errekurtsoak zentzuz erabiltzeko; bi eremutan banatzen den segurtasunarekiko konpromisoa du, alde batetik, "instituzioak urte askotan kasurik egin ez dien eta egoera desegokian dauden argiteria instalakuntzarekiko segurtasuna", eta bestetik, indarkeria sexista eta bestelako delituak saihesteko “puntu beltzak” deuseztatzea. Eta azkenik, ekonomiarekiko konpromisoa, eraginkortasun energetiko altuagoak eta egoera onean dauden instalakuntzek nabarmen aurrezten laguntzen dutelako.

Kontratuaren aurrekontua 1.478.000 eurokoa (BEZa barne) da eta 10 urteko iraupena du (urteko 147.800 euro). Gaur egun, argiaren kontsumoa eta mantenua urteko 150.000 eurokoa dela dio udal gobernuak, kontratu berri honen hobekuntzak garrantzia handikoak dira: "dirua aurreztuko da eta zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko da".

Urriaren 29an amaitzen da eskaintzak aurkezteko epea eta urte bukaera baino lehen hasiko dira lanak. Alkatearen ustez “proiektu estrategiko bat da honako hau eta Amasa-Villabona lehen mailan kokatuko du energiaren kudeaketa eraginkor, efiziente eta jasangarriari dagokionez; gainera, sistema berri honekin, arazo asko sortzen dituzten auzoetako (Etxeondo, Txermin...) argi eskasiarekin amaituko da. Azken hamar urteetan “ezertarako balio ez duten konponbideak egitearen politikarekin amaitu behar dugu eta etorkizuna eta kalitatea izango dituen irtenbidea eman”.

Horrez gain, honela jarraitzen du Maite Izagirrek, “sistema hau ezartzeak sortzen dituen gastuak gaur egun daudenak baina baxuagoak izango dira. Eskertzekoa litzateke, batzuk gezurrak esaten ibili ordez, positiboa den zerbaitegatik lan egiteko prestutasuna agertuko balute”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!