Gabiriara joan dira Bola Lehiaketako txapelak

Ataria 2018ko irailaren 29a

Behar Zanak antolatu du hirugarrengoz, Udazken Bola Txapelketa. Bi asteburutan aritu dira lehian Olaederra kanpoaldean, eta azkenean Gabiriako Patxi eta Joxean Ormazabalek eraman dute txapela.

Joxe Mari Etxebeste Behar Zana taldeko kideak azaldu duenez, Gipuzkoako 29 bikotek eman zuten izena. Gaur goizean final laurdena, final aurrekoak eta finala izan dituzte.

Gabiriako Patxi eta Joxean Ormazabal aita-semeak izan dira irabazleak, eta bigarren, Segurako Xepeino Agirre eta Jokin Izagirre. Finala estua izan da eta azken bi bolatan aurreratu dira irabazleak.

Zarauzko Fermin Illarramendi eta Enrike Egaña izan dira hirugarren, eta Donostiako Antonio Goenaga eta Hernaniko Migel Arrospide laugarren.

Etxebestek gogoratu du txapelketa honek baduela berezitasunik; "xarma berezia du, izan ere, desberdin botatzen da, kanporaketaka jotzen dugu eta beraz, badu tentsio puntua ere, eta ezustekoak ere izaten dira". Behar Zanarentzat lana da txapelketa antolatzea, baina gustura egiten dutela esan du. "29 bikote ekartzea lana da, bi asteburutan luzatzen gara... baina gustura egiten dugu. Hiru urte hauetan parte hartzaileen kopuruak gora egin du, eta printzipioz antolatzen jarraitzeko asmoa dugu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!