Zortzi bikote geratzen dira bola txapelketan

Asier Imaz 2018ko ira. 28a, 14:58

Udazken Bola Txapelketaren lehen jardunaldia aurreko larunbatean jokatu zen. I. GARCIA LANDA

Behar Zanako lau bikoteek ezin izan dute lehen kanporaketa gainditu; azken tiraldiak bihar goizean izango dira.

Udazken Bola Txapelketaren III. edizioa bihar erabakiko da. Final-laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko dira 08:30etik aurrera. Aurrez, joan den larunbatean, lehen jardunaldia jokatu zen. Gipuzkoa osoko 29 bikote aritu ziren lehian. Horietatik zortzik lortu zuten bigarren jardunaldirako txartela.

Udazken txapelketa Villabonako Behar Zanak antolatzen du, eta lehen jardunaldian lau bikoterekin aritu ziren tiraldietan. Aurrera, ordea, inork ez zuen pasatzerik lortu. Joxe Mari Etxebeste eta Xabier Ayerza gertu ibili ziren. Jardunaldiko kanporaketarik lehiatuena jokatu zuten Behar Zanakoek, baina azkenean, final-laurdenetatik kanpo geratu ziren. Parte hartzaileen artean emakumeek osatutako hiru bikote zeuden, eta hauek ere bigarren jardunaldira ezin izan zuten sailkatu.

Bihar 08:30ean hasiko dira lehen tiraldiak. Antonio Miner eta Ibon Miner izango da lehen bikotea. Ereñotzukoen aurkariak zarauztarrak izango dira: Fermin Illarramendi eta Enrike Egaña. 

Bigarren final-laurdena Donostiako Pedro eta Xabier Lazkanok jokatuko dute, Segurako Jokin Izagirre eta Xepeino Agirreren aurka.

Ondoren, Jesus Morales eta Roberto Ostolazaren txanda izango da. Zarauztarren aurkariak Antonio Goenaga donostiarra eta Migel Arrospide hernaniarra izango dira.

Azken final-laurdena Fernando Gallego-Iñigo Arrospide hernaniarrek jokatuko dute Patxi Ormazabal-Joxean Ormazabal gabiriarren aurka.

10:50ean finalerdiak hasiko dira lau bikoteren artean. Hortik aterako da finala, eta hau, 12:10ean hasiko da. III. Behar Zana Udazken Bola Txapelketari amaiera finalaren ondoren ospatuko den sari banaketa ekitaldiarekin emango zaio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!