«Larre batean elkartzen diren hots ezberdinak jaso ditugu»

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 28a, 09:00

Amasako elizan, bihar 20:00etan ariko da musikari ezaguna 'Hots larretan' diskoan oinarritutako ikuskizuna eskaintzen, Errege Belda eta Ixiar Jauregi lagun dituela, hirukoa osatuz.

2014an kaleratutako diskoan oinarrituta, poesia eta dantzarekin osatutako ikus-entzunezko emanaldia aurkezten ibili da Juan Mari Beltran (Donostia, 1947) azken urteetan. Oraingo honetan, errepertorio bera oinarri hartuta, formatu txikiagoan ariko da Amasako elizan.

Berriz ere Amasara bueltan.

Bai urte asko egin ditugu sanmartinetan. 25 urtetik gora egin genituen oilasko biltzen. Hortik etorri zen disko bat grabatzeko proiektua, Luis eta Joxe Mari Astiasaranekin. Titulua jarri behar geniola eta Amasatik Arratera bururatu zitzaigun. Gure urteroko plaza inportanteenetakoa zen Amasakoa eta gure piezak gehien entzuten ziren tokia, berriz, Arrate irratia. Gure musikak egiten zuen bidaia islatu nahi izan genuen.

Zer da 'Hots larretan' izeneko proiektuan eskaintzen duzuena?

Izenburuak adierazten duen bezala, larre batean elkartzen diren hots ezberdinak jaso nahi izan ditugu. Soinu tresnen hotsak eta ahotsak tartekatu nahi izan ditugu, poesiaren bitartez. Festa honetara dantza ere gonbidatuta zegoen, errepertorioko zati handi bat dantzarako musika baita. Egunean zehar entzuten diren hotsak dira, goizaldeko hotsak, eguerdiko hotsak, arratsaldeko hotsak eta ilunabarrekoak. Bukatzeko badugu pieza bat Lo ametsetan izenekoa, eta hor agertzen dira, egunean zehar bizitako oroitzapenak.

Emanaldirako prestatutako errepertorio guztia eskainiko duzue?

Laburpen bat eskainiko dugu, moldaketa bat. Hots ezberdinak konbinatuko ditugu, erritmo eta giroak transmititzen saiatuko gara eta festa hori garbi aurkeztuko diogu jendeari. Ordu eta erdiko emanaldia izango da eta aurreko emanaldien hari berdintsuari jarraituko diogu.

Nondik jasotako doinuak dira emanaldian eskaintzen dituzuenak?

Giroak ere ez dira berdinak. Batzuk kaleko doinuak dira, baina plazakoak eta ganbarakoak ere jaso ditugu. Horien artean, badaude artazuriketa errepertorioko kantuak. Jaso ditugu musika zaharrak hitz berriekin, hitz zaharrak musika berriekin eta baita ere pieza batzuk, non bai musika eta bai hitzak berriak diren, baina erabiltzen dugun soinu tresna zaharra. Horrekin jolastu eta festa bat antolatu nahi izan dugu.

Nondik jasotako soinu tresnak dira erabiltzen dituzuenak?

Bada erabiltzen dugun bat oso aspaldikoa. Isturitzeko kobazuloan, ia 30 pieza agertu dira. Flautak dira. Putrearen hegotik ateratako hezurrarekin egindakoak dira. Guk kontzertu hasieran, egunaren hasiera irudikatzeko, goizaldeko hotsa emateko erabiltzen dugu. Flauta hori duela 20.000 urtekoa da baina musika guk orain egindakoa. Auskalo gure arbasoek zertarako erabiltzen zuten. Baina zirraragarria da pentsatzea, hots hori bera entzuten zela leize horietan. Are gehiago, flauta horrek musika nota jakin batzuk ematen ditu, eta guk jarraitu beharko genioke eskala horri musika egiten jarraitzeko.

Gero albokak, txirulak, txistuak, ttun-ttunak, txalapartak... Soinu tresna bakoitza bere giroan erabiltzen dugu. Aralar mendiko artzainen durunbele hori joko dugu Hungariako flauta batekin. Gure festara kanpoko soinu tresnak gonbidatu ditugu, horretara ere ausartu gara. Euskal Herrian erabili izan diren perkusio tresnak erabiliko ditugu eta akordeoi kromatiko batekin jantziko dugu guztia.

Zein izango dituzu lagun biharko emanaldian?

Eskusoinuarekin Errege Belda etorriko da eta kantatu ere kantatuko du. Ixiar Jauregi ere ariko da gurekin. Txalapartari aparta da eta abeslari oso ona. Emakumezko bi ahots horiek eta nire ahots urratu hau entzun ahal izango dira bihar Amasan.

Nondik jasotako hitzak dira pieza hauetan jasotakoak?

Hitz zaharrak asko erabiliko ditugu eta jaso genituen bezala ematen ditugu. Badira tartean, Andoni Salamero poetaren bertso eta koplak, Hots larretan proiektuan bildu genituenak.

Toki aproposa al da Amasako eliza gisa honetako emanaldi baterako?

Bai. Formatu txikian Donostiako Tabakaleran izan ginen eta Hernaniko Biteri Kultur Etxean ere bai. Elizetan ere askotan eman izan ditugu horrelako emanaldiak, azkena Itziarren. Akustika horrek guri laguntzen digu eta Amasan ere sonorizazio ekiporik gabe ariko gara. Gure ahots naturalak eta soinu tresnenak baino sonorizazio hobeagorik ez dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!