«Arkeologiaren alorra euskaraz oso hankamotz dago»

Iñigo Otaegi 2018ko ira. 20a, 10:58
Joanes Karrera arkeologoa. IÑIGO OTAEGI

Bi ikerketa gune uztartu ditu Joanes Karrera arkeologo gazteak bere ikerketa berritzailean: Saseta Defentsa Sistema eta San Pedro mendia. Ikerketaren hizkuntzaren aukeraketan ere aitzindaria da; euskaraz egin du lana.

Gerra Zibila eta Arkeologia uztartuta, azterlan berritzailea garatu du Joanes Karrerak (Amasa-Villabona, 1996). Idazlanetatik eta adibide praktikoetatik bildutako ekarpenak direla tarteko, bi indusketa eremuen erkaketa egitea erdietsi du: Saseta Defentsa Sistemaren eta San Pedro mendiaren artekoa. Euskal Herrian, Gerra Zibilak izan duen bilakaera ikertzeaz aparte, Arkeologiak gure inguruetan izan dezakeen balioaz jardun du.

Zeintzuk izan ziren Arkeologiaren gainean hausnartzeko motiboak?

Aspalditxotik, zalantza mordoa nuen begiz jota. Zer da inguratzen nauena? Zergatik daude gauzak dauden tokian? Arkeologiak bide ematen du gako horien berri izateko. Harrigarria da, topatu dezakezun materialaren arabera, zenbat interpretazio egin daitezkeen. Tenore franko arakatu ostean, Aro Garaikidearen Arkeologian zentratu naiz. Arkeologia historia urruna ulertu ahal izateko zientziatzat hartu ohi izan da, baina, ez du zertan horrela izan.

Gaur, ez dakigu munduan zer gertatzen ari den. Bada, pentsa, orain 50 urte, zer espero zen gizarteak izango zuen garapenaz. Aro Garaikidearen Arkeologia garapen prozesuan dago, oraindik ez du zabalpen handirik, baina gertuen dugun historia ulertzeko gai egiten gaitu. Konturatu nintzen, Asteasun, Adunan eta Zizurkilen, Gerra Zibileko aztarnak ikertzen hasita zeudela, eta interes handia piztu zidan. Laburbilduz, inguratzen ninduena hobeto ulertu nahi nuen, horregatik jo dut Aro Garaikidearen Arkeologiara.

Inor gutxik izango zuen aztergai gure ingurua. Graduan zehar, Euskal Herriko historiari, eskaintzen al zaio trataerarik?

Historia Garaikideaz hausnartzen hasi, eta beti hartzen dugu Frantziako Iraultza abiapuntu modura. Sarri, nazioarteko historiari erreparatzeko joeragatik, gure lurra ahazten dugu. Dena den, jendearengan interesa sumatzen dut, eta hori pozgarria da. Kontua da, jakin-minez dagoen herritarrak ez duela aski maila, ikertzaileen hizkuntza ulertzeko. Nire iritzitan, Arkeologia ulertzeko, molde errazago baten premia dago.

Hor daukazu abagunea.

Hori da [barreak]. Ezinbestekotzat daukat, azken 80 urteetan estatu mailan inpaktu gehien izan duen gertakariaren xehetasun denak argitara ateratzea. Finean, ez da hildakoak eta hiltzaileak bakarrik argitzea, jazoera orok, herriaren nortasuna ere markatzen du. Billabonatarra izanda, gustatuko litzaidake, gerora, bertako jendearen interesari erantzuteko zubi lana egitea.

Pala esku artean zenuela sortu zitzaizun lanaren ernamuina.

Iazko udan, indusketa lanetan jardun nuen Saseta Defentsa Sisteman. Besteak beste, Intxortara eta Lemoara egin genituen bisitak, eta gerraren nondik-norakoak kontatu zizkiguten. Lehenago, Josu Santamarina ere ezagutu nuen, San Pedro mendiko materiala garbitzen, laborategian. Hain justu, doktorego tesia egiten ari da, mendi horretako lubakiak aintzat hartuta. Instante horretan otu zitzaidan ideia: Saseta Defentsa Sistema eta San Pedro mendiko indusketa guneak konparatzea.

Zein ondorio atera duzu, alderaketa horretatik?

Zehatzago esanda, Saseta Defentsa Sistemako 2013, 2014, eta 2015. urteetako kanpainak, eta San Pedro mendiko 2016. urtekoak hartu ditut oinarri modura. Aipatutako lehen indusketa gunean, gerra materiala aurkitu da; gehienbat, munizio txekoslovakiarra. Tenore hartan, nazionalistek lortu zuten tirogaia, merkatu beltza zela tarteko. Oro har, gerra material zaharra aurkitu da, XIX. eta XX. mendekoa. Interesgarriak dira objektu horiei eskerrak sortzen diren teoriak. Izan ere, ez da guda bakarra izan, 60 urte inguru lehenago, III. Gerra Karlista izan zen. Orduan, ez da jakina, material bakoitza zein gerrari dagokion.

San Pedro mendiari dagokionez, askozaz ere jatorri anitzagoko munizioa dago. Euzko Gudarostean, nazionalisten Araba Batailoia zela medio, tirogai txekoslovakiarra topatu daiteke. Baina, munizio alemaniarra ere badago, nahiz eta errepublikarren alde defendatutako lubakiak diren. Hipotesi mordoa dago; beste borroka batetik lapurtutako materiala ote den, merkatu beltzaren zirrikitu batetik lortutakoa ote den, eta abarrak. Hori da arkeologiaren xarma, milaka interpretazio atera daitezkeela, elementu bakan batzuetatik.

Ondorio harrigarria da metrailaren aurkikuntza. Jakina da inguru honetan bonbardaketa andana izan zela; hala ere, ez da hain arrunta lubakietan metraila aurkitzea, bonbardaketak bertara bideratuta, munizioa alferrik galdu zitekeelako. Normalean, begiz jotako destinoak kuartel nagusiak edo gotorlekuak izan ohi ziren; besteak beste, San Pedro mendian, zenbat eta gehiago gerturatu babeslekuetara, orduan eta metraila gehiago topatu daiteke.

Gainera, orografiak ere rol inportantea dauka gerra estrategia hauetan. Hemen harri naturalak eta oso mendi malkartsuak dauzkagu, eta bere garaian, babes natural hori giltzarria izan zen. San Pedro mendian, zuzenean, lurra zulatzen zuten, eta kasu batzuetan, harrietan zizelkatu ere bai. Pentsa, kuartelak ere beraiek eraiki behar izaten zituzten.

Askozaz ere esanguratsuagoa da ordea, material pertsonala aurkitzea (platerak, arropa, identifikazio dokumentuak, egunkariak...). Duela gutxi, egunkari zati batzuk aurkitu zituzten San Pedron, eta egunkaria identifikatzea ere lortu zuten. Azkenaldiko aurkikuntza garrantzitsuenetakoa den arren, oso zabalkunde eskasa eman zaio, tamalez.

Zure lana zertan da berritzailea?

Ez dut aurkitu lan bat bera ere, nirearen gisan, bi indusketa alderatzen dituenik. Bi ikerguneetan agertu diren materialek erakusten dute gerrak izan zuen garapen bizkorra; XIX. eta XX. mende hasierako materialak erabiltzetik, urtebete igaro baino lehenago, Alemanian edo Txekoslovakian egindako munizio modernoenak erabiltzera igaro ziren. Horrek erakusten du, mundu zabaleko beste herrialdeek nolako interesa zuten gerra honetan. Arkeologiak ondorengo galdera hau ere sorrarazten digu: Noiz bihurtzen da gerra zibil edo herritarren arteko gerra bat, bi ejertzitoren arteko gerra batean?

Aspaldi ekin zenion dokumentazio lanari.

Urtebete jardun nuen han-hemendik irakurtzen. Ez lanarena bakarrik, nire pentsamoldearen zutarrietako bat da, Alfredo Gonzalez Ruibalen, Volver a las trincheras maisulana. Josu Santamarina ere eredutzat daukat, eskerrak bidelagun izan dudan idazlanean, argibide mordoa eman dit eta. Saseta Defentsa Sistemako ikerketaren zuzendarikideari, Karlos Almorzari, lan honen garapenaren parte handi bat zor diot. Zeregin apalagoa duten jendea ere izugarri estimatzen dut, adibidez, indusketetan borondate hutsez diharduten gazteak.

Pertsonalki ekarpen handiko esperientzia izan da?

Gerra Zibilaren beste ertz batzuk ezagutu ditut. Gainera, lanaren oihartzunari esker, Zientziaren Astean kolaboratu nuen, kezkak zituzten herritarrei, Arkeologiaren gaineko azalpenak emanez. Halaber, Adunan, duela aste batzuk, Gradu Bukaerako Lanari buruzko hitzaldia eman nuen.

Hilabete hauei esker, lehenengoz ofizialki, Gerra Zibilaren inguruko ikerketa batean nabil. Bide batez, irailean hasiko dudan master graduari begira, helduleku desberdinak pentsatzeko motiboa ere izan da.

Hizkuntza aldetik ere abantaila latza daukazu. Euskaraz ez da apenas ezer egin, zure erreferentziak ikusi besterik ez dago.

Egia da. Arkeologiaren alorra euskaraz oso hankamotz dago, baina, ez pentsa gaztelaniaz ere asko dagoenik, ingelesezko iturrietara sarritan jo behar izan dut eta. Nahiz eta idatzi diren nobelek edo egin diren filmek alderantzizko sentsazioa sortzen duten, ez da hainbeste idatzi. Gerra Zibila hiru urte soilik iraun zuen gertakaria izan arren, mila istorio ditu kontatzeko, Estatuko herri guztietara eta pertsona guztietara iritsi baitziren bonbek sortutako uhinak eta heriotzak eragiten duen beldurra. Espainiako Gerra Zibila izan zen, eta agian horregatik idazten da gehiago gazteleraz, Espainia guztiari interesatzen zaion gai bat delako. Baina nire ustez hori ez da aitzakia euskaraz ez idazteko. Ni behintzat, ikerketan jarraitzen badut, nire ama hizkuntza erabiltzen saiatuko naizela ziur naiz.

Indusketak egiten, bakarrenetakoak zarete?

Pentsa, zein ezohikoa den horrelako ikerketa bat, 2016an, gerra hasi eta 80 urtera, EHUk, Gerra Zibileko indusketa bat bultzatu zuela, lehen aldiz. Indusketa finantzatzea oso zaila da, material eta jende mordoa behar da, parte hartzaileen ongizatea bermatzeaz aparte. Azken finean, gaur egungo eremu zientifiko anitzetan moduan, ikerketa gauzatzeko erabilitako iraupenaren zati handi bat, finatzazioa bilatzeko erabiltzen da.

Gerra Zibila aski gai polemikoa da Estatu guztian zehar, baina, Euskal Herrian behintzat, begi onez hartzen diren ikerketak dira. Beraz, udalek ere kolaboratzeko gogoa izaten dute, eta eskertzekoa da. Azkenean, mundu kapitalista eta kontsumista baten aurrean gaude, eta xede nagusia etekina lortzea da bazter guztietatik. Zentzu horretan, Arkeologia ez da oso produktiboa, arrazoi berberagatik kaltetuak diren, beste zientzia asko bezala.

Debatea pil-pilean dago. Zer egin behar da ondare historikoarekin? 

Bi ikuspuntu nagusi daudela iruditzen zait, eta nire ustez biak zilegiak. Batetik, pertsona edo eraikuntza frankistek min handia eragin izan duten arren, gure historiaren parte direla pentsatzen duen jendea dago; jasandako sufrikarioaren erakusgarri direla argudiatzen dute. Bestetik, hilotzak edo monumentuak deseginda, frankismoarekin eraispena suposatuko lukeen ustea nagusitzen da; orain arte ofizialki egin ez dena, alegia. Gobernuak eta beste zenbait alderdik, frankismoa ez dute kondenatzen oraino, eta horrelako ekintza bat aurrerapausoa izan liteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!