III. Behar Zana Bola Txapelketa aurkeztu dute

Asier Imaz 2018ko irailaren 18a

Gipuzkoako 29 bikotek hartuko dute parte txapelketan, tartean, Behar Zanako kideak ariko dira lehian.

Larunbatean hasiko da bi jardunaldi izango dituen III. Behar Zana Bola Txapelketa. Villabonako bolatokian, Olaederra kiroldegiaren alboan, goizean hasiko dira kanporaketekin eta iluntzera arte edukiko dute jarraipena. Bikoteka jokatzen den txapelketa da Behar Zana Bola Elkarteak antolatzen duena. Aurtengo edizioan, guztira, Gipuzkoako 29 bikotek hartuko dute parte. Tartean, Behar Zanako kideak ariko dira.

Irailaren 22an lehen kanporaketa 08:30ean jokatuko da. 16.a eta azkena 19:25ean hasiko da. Tartean ez da atsedenaldirik egongo. Kanporaketa horietatik zortzi bikotek egingo dute aurrera, final-laurdenetako sailkapena lortuz. 21 bikote, beraz, txapelketatik kanpo geratuko dira III. Behar Zana Bola Txapelketaren lehen jardunaldian.

29 bikote horietatik hiru emakumeek osatutakoak izango dira. Hauek gizonekin batera parte hartuko dute txapelketan.

Irailak 29, finalak

Iraileko azken larunbatean final-laurdenak, finalerdiak eta finalak jokatuko dira Villabonako bolatokian, lehen jardunaldia gainditzen duten bikoteekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!