Txakolin eta desafio egarriz iritsi da jendea Amasara

Ataria 2018ko irailaren 15a

Jendetza elkartu da Txakolin Egunean Amasan. Aurrena herri kirol apustua ikusi dute, eta ondoren, txakolina dastatzera joan dira plazara.

Jendea apustu gosez joan da Amasara. Bertako gazteak korrika eta segaz aritzekoak ziren, baina lesio bat tarteko, segaz bakarrik aritu dira. Yeray Otaegi Motxe eta Kepa Nazabal Organista izan dira kilo gehien bildu dituztenak. Joseba Astiasaran Pasus eta Aitor Otamendi Ota hasieratik geratu dira atzean. Azken honek Mikel Arretxe Sandra ordezkatu du. Korrika hasi orduko belaunean min hartu du Sandra-k, eta proba hori bertan behera geratu da. Azkenean, 30 minutuko sega saioak erabaki du desafioaren irabazleak zeintzuk izango ziren.

Ondoren jendea Amasako plazara joan da. Lizartzako txaranga bertan zuten zain, baina batez ere txakolina. Antolatzaileak ere gustura geratu dira gaurko egunean izan duten erantzunarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!