Eneko Maiz, trinketeko Munduko Txapelketara

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 14a, 16:27

Espainiako selekzioarekin ariko da Villabonako pilotaria, Bartzelonan jokatuko den trinketeko munduko txapelketan. Urriaren 14an hasiko da txapelketa eta billabonatarrak 15ean eta 17an jokatuko ditu multzoen faseko partidak.

Joko olinpikoak bezala, lau urtez behin ospatzen da trinketeko munduko txapelketa, eta 2014an Mexikon jokatu zen. Maiz, baina, ez da lehen aldiz ariko munduko txapelketan; iaz, 22 urtez azpiko kategorian jokatu baitzuen. TOLOSALDEKO ATARIA-ri adierazi dionez, "udara osoa entrenatzen eta hauta probetarako prestatzen pasa dut". Froga guztiak gaindituta, trinketean jokatzeko hautatua izan da.

Bartzelonan izango da txapelketa, urriaren 14an hasi eta 20ra bitarte. Trinketekoak ez ezik, frontoiko munduko txapelketak ere ospatuko dira, bietan ere, modalitate guztietan. "Lehenago, irailaren 28an, Kataluniako hiriburura goaz, bertako trinketeak ezagutu eta horietan entrenatzeko asmoz".

Billabonatarra, buruz burukoan aritzeko hautatu dute, eta bi partidu jokatuko ditu multzoen fasean: urriaren 15ean Mexikoren aurka eta 17an, berriz, Uruguayren aurka. "Mexikori irabaztea komeniko litzaiguke", dio Maizek. "Horrela, finalerdietan Frantziaren aurka aritzea ekidin ahal izango genuke. Frantziarrak, faborito garbiak dira, 5 profesional onenekin doaz eta". Hala ere, beste multzoan Kuba eta Uruguayeko selekzioak ariko dira, eta baliteke kubatarren artean Waltary Agusti izatea, munduko jokalari onenetarikoa. "Arriskutsua izango litzake; aurten sekulako maila dago trinketean, inoizko onena".

Helburuei buruz galdetuta, "podiumean sartzeko esperantzarekin noa", aipatzen du Maizek. "Oso zaila izango da irabaztea, baina gutxiengo esperantza hori daukat". Gainera, iaz, 22 urtez azpiko kategorian txapeldunorde izan zen billabonatarra, hain justu, bere aurka ariko den mexikarraren aurka finala galdu ondoren. Hori dela eta, "ea arantza hori kentzerik dudan", dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!