Gaikako bilketaren garrantziaz ohartarazteko kanpaina

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 14a, 15:06

Amasa-Villabonako Udalak Kolore, kolore, ingurumena nik zainduz beti hobe kanpaina egingo du datorren asteetan, 2018ko aurrekontuan hartutako konpromisoa jarraituz.

Eneko Urdangarin, udaleko ingurumen zinegotziak 2018ko aurrekontu proiektua onartzerakoan hartutako konpromisoaren berri eman eta hartutako hitza betetzera etorri direla aipatu du. Kolore, kolore, ingurumena nik zainduz beti hobe sentsibilizazio kanpaina egingo dute datozen lau asteetan hondakinak ongi bereizteak zer nolako garrantzia duen aditzera emateko. Herritarrei, merkatariei eta ostalariei zuzendutako kanpaina izango da.

2016. urte hasieran aldatu zuten hondakinak biltzeko sistema Amasa-Villabonan. Bilketa frakzio bakoitzeko edukiontzi bana dute. Papera, plastikoa eta beiraren edukiontziak herritar ororentzat irekiak dira, hondakinak noiznahi utzi ahal izateko. Organikorako eta errefuserako edukiontziak, neurri ertaina dute eta asteko egun guztietan zabaldu daitezke txartelarekin. Maite Izagirre alkatearen esanetan, "sistema hau, askoz eraginkorragoa izateaz gain, erosoagoa eta garbiagoa da".

Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek –EAJ, EH Bildu eta PSE-EE– lan mahai batean adostu zuten bilketa sistema berria eta hori Izagirreren ustetan, "udal gobernuak martxan jarri nahi izan zuen formula berri bat da, aurrekoarekin zerikusirik ez zuena, elkarrizketa eta negoziaketan oinarritutakoa". Atez atekoa ere hizpide izan du alkateak: "aurreko udal gobernuak ezarri zuen, herritarren nahiei entzun gabe, eta horrek, eragin zuzena izan zuen elkarbizitzan".

Sistema berria ezarri eta urte batzuetara, balantze "guztiz positiboa" egin dute udal gobernuko ordezkariek, "zerbitzuaren erabilera maila oso altua delako, edukiontzien erabilera egokia egiten delako eta konpostaren erabilerak modu egokian jarraitzen duelako". Amasa-Villabonan gaikako bilketaren portzentajea %82ra iritsi da eta alkatearen hitzetan, "Tolosaldeko herri handien artean birziklapen ehunekorik handiena du, Gipuzkoako altuenetarikoa. Mankomunitateak 2020rako ezarrita zituen helburuak gainditzen ditu datuak".

Bata bestearen konfiantzan oinarritutako sistema bat zela argi zuen udal gobernuak hasieratik: "Herritarrek ondo funtzionatuko zuen zerbitzu bat ezarri izanaren konfiantza zuten, eta bestetik, udaletxeak bazuen konfiantza, herritarrek sistemaren erabilera egokia egingo zutena". Horregatik birziklapen datu altuak, herritarren inplikazioari esker lortu ahal izan direla esan du Izagirrek: "Kolaborazio paregabeagatik zoriondu nahi ditut amasar eta billabonatar guztiak. Datu hauekin, atez atekoa gehien birziklatzen zuen sistema zenaren baieztapena gezurra dela frogatu da".

Birziklapen mailan gora egiten jarraitu nahi du Amasa-Villabonako Udalak. "Zerbitzua optimizatzeko balio duten ekimenak bultzatu eta hobekuntza oro egiteko, kontzientziazioan, hezkuntzan eta konbentzimenduan oinarritu behar genuela esan genuen", aipatu du alkateak. Udalerrian dauden puntu kritikoak zerrendatu ditu segidan:"txipa duten edukiontzien, tamaina handiko hondakin deposituen edota arropa edukiontzien erabilera desegokia egiten da kasu batzuetan. Arrazoi horregatik jarri dugu martxan herritartasuna eta partekatutako ardura sustatuko dituen sentsibilizazio kanpaina". 

Oihulari Klown taldeko artistek parte hatu dute kanpaina aurkezteko agerraldian eta Alaitz Bilbao ingurumen teknikariak eman ditu kanpaina honen inguruko xehetasunak. Kanpaina komunikatzeko euskarri ezberdinak erabiliko dira: 

- Hozkailuetarako imanak egin dira. Hozkailuetarako iman bat diseinatuko da, non bertan ikusi ahal izango den zein zaborrontzitan sartu behar den zer. Eskura egongo den euskarri informatiboa izango da.

- Koloretako gometxak banatuko dira produktuetan jartzeko. Facebooken lehiaketa bat jarriko da martxan. Asteartetan Berdura Plazan imanak banatzen eta behar diren zalantza guztiei erantzuna ematen egongo den pertsonak banatuko ditu. Helburua haur eta nerabeek, nahiz jende gazteak, beren etxeko produktuei dagokien zaborrontziaren kolorearen gometxa gehienak jartzea da, ondoren argazkia Facebookera igotzeko. Parte-hartzaile guztien artean lau sarrera banatuko dira urria eta azaroan zehar herriko aretoetan zinema edo antzerkia ikusteko.

- Berdura plazako gunea aprobetxatuko dute imanak banatu, zalantzei erantzuna eman eta inkesta txiki bat egiteko. Kanpainak iraungo duen astearte bakoitzean, Berdura plazan eta inguruan azoka dagoela aprobetxaturik, pertsona batek imanak banatu, zalantzei erantzuna eman, inkesta txiki bat egingo du. Bertan Kanpainaren irudia eramango duen Roll-up informatibo bat egongo da ere.

- Erdiguneko faroletan zintzilikariak diren banderak jarriko dira. Kanpainak presente egon behar du herrian. Horretarako herriko kale nagusiko faroletan banderolak jarriko dira. Banderola horietan kanpainaren irudia azalduko da.

Gainera, gazteekin lan eta jolasak egingo dira hurrengo lau ostiraletan. 18:00etatik aurrera. Honlako jolasak prestatu dituzte: saskibaloia, ginkana, edukiontziz edukiontzi eta karta joko aiton-amon eta bilobekin.

Merkatari eta ostalariekin ere egingo dute lana kanpaina honetan, kontutan izanik Amasa-Villabonan guztira 70 merkatari eta ostalari daudela eta hondakin sortzaile handiak direla. Hezitzaile batek, aste batean zehar Amasa-Villabonako merkatari eta ostalari guztiak bisitatuko ditu. Honen helburua, heziketa zuzena eta bakoitzari egokitua ematea izango da, zaborraren birziklapena egokiago egin dezaten. Bestalde, inkesta txiki bat egingo zaie, beraien iritziak, zalantzak, eskaerak kontutan izateko. Behin informazio guztia jasota, diagnosi bat egingo da eta udalarentzat txosten bat prestatuko da. Honen arabera, epe motzera, ertainera eta luzera lortu beharreko helburuak ezartzeko aukera egongo da. Horrekin batera, bezeroen artean telazko poltsak ere banatuko dituzte bezeroek .

Amaitzeko, etxeetara galdeketa bat bidaliko da, herriko jendea kanpainaren parte sentitzeko eta inplikatzeko. Kanpainak iraungo duen hilabetean zehar, larunbateko jolas bat antolatuko da. Joko guzti hauetan inkesta bat banatuko da galdera batzuk erantzun ditzaten eta era berean, imanak banatzeko aukera polita izango da. Sariak, herriko antzerki eta zine aretoetan pelikulak edo antzezlanak ikusteko sarrerak izango dira. Inkestan besteak beste, honako galderak botako dira: Gustura sentitzen zara egungo bilketa sistemarekin? Erosoa iruditzen zaizu? Zer aldatuko zenuke? Zer egin dezakezu zuk etxean sortutako hondakin kopurua murrizteko?

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!